argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Gezurrak
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a

Larunbatean hirukoak eta Aralarrek protesta bilkurak egingo dituzte iragarritako kontsulta beharrean. Duela urtebete baino gehixeago Ibarretxe lehendakariak kontsulta data iragarri zuela Eusko Legebiltzarrean, 2008ko urriaren 25a. Hilabetea joan hilabetea etorrri, sasi guztien azpitik eta gainetik jo behar bazen ere, kontsulta egingo zela entzun genion goizez eta gauez. Errege biluziaren ipuinarena gutxitan irudikatuko zen hobeto; desberdintasun bakarra izan da, Ibarretxe antzezlanetan aritu dela, helburu egoki eta justu batean atzean bada ere.

Batzuetan, irakurle eta herritarrek egiten duten bezala, administraziotik ere deitzen dute gure aldizkarira, zerbait gaizki egin dugula esanez, edo gezurra esan dugula, edo ez dela erabat zehatza esandakoa edo... Batzuetan arrazoiz, beste batzuetan ez. Baina ni harritzen nauena da norberaren balizko gezur txikia hain garrantzitsu izatea, politikagintzan eta agintarien artean herritarrak gezurra bata bestearen atzean sumatzen duenean. Edo ez al zekien Ibarretxe lehendakariak gezurretan ari zela iragarritako kontsulta egingo zela behin eta berriz errepikatzen zuenean? Edo ez al zekien Jose Luis Rodriguez Zapaterok krisia gainean zegoela berau ukatzen zuenean? Ez, Aznarrek ere ez zekien Iraken ez zegoela suntsiketa handiko arma kimikorik berau erasotzearekin bat egin zuenean.

Gezurrik borobilenak finantza eta ekonomiaren munduan ekoiztu dira. Konfiantza eza baldin badago, hori norbaitek ziria sartu duelako da, hau da, gezurra esan duelako, eta konfiantza galerarako, gainera, gezur bat baino gehiago behar ohi da. Horregatik jakin dugu, konfiantza eza hori finantza paketeetan bilduta garraiatu dutela batetik bestera, batzuek aberats bilakatuz eta munduarentzat krisiaren aberaska izango zen aberastasun birtuala sortuz.

Aurrerapena, zientzia eta ekologiaren paketetan bildutako gezurren estilokoak. Nuklearrak adibidez, hiru hamarkadatan honako ziklo egin du Euskal Herrian: beharrezko energia ezinbestekoa izatetik (Lemoiz), arriskutsura pasatu zen, eta orain berriz beharrezko bilakatuko da akaso.

Aldaketa klimatikoarena ere paradigma da gezur eta iruzurraren mundu honetan. Badira diotenak berotze kontu hau ziklikoa dela, gure planetaren bizitzaren kontua, orain bero gero hotz. Lurraren egungo biztanle kopuru eta kontsumo maila ez da ziklikoa, ordea, eta zientzialarien artean dagoen kontsentsu maila handiak, Lurra xahutzen ari garela adierazten du. Oraingoan oso sinesgarria dirudi. WWF (Naturaren Nazioarteko Mundu Fondoa) nazioarteko erakunde ekologistak berriki gogorarazi duenez, gainera, berotzea azkartzen ari da eta itsasoa aurreikusitako metro erdia baino metroa igoko da mende bukaerarako. Al Gore hemen izan zen eta berari buruz asko hitz egin bazen, aldaketa klimatikoaz gutxi.

Eta AHT? Kaltea estaltzen da, baina gaitza da irudikatzea trena pasatzeko Euskal Herrian egin behar diren lur azpiko ia 100 kilometroak ekologikoki onuragarriak direnik.