argia.eus
INPRIMATU
Ia egunero
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Bezala, kafearekin batera erosten ez dudan egunkaria irakurtzen ari nintzela, atzeko mahaian jarrita zeuden biren solasaldian entzuna: Kuko Ziganda bota dute. Normala, iaztik iragarrita zegoen, pazientzi handiaz jokatu dute berarekin. Ez du zertaz kexatzerik. Camacho dakarte. Honek bai, honek fundamentua ekarriko du aldagelara. Lagun bat inguratu zait eta alboan nuen nire Berria hartu dit. Ezagutzen huan Iratzeder? Ez pertsonalki, poeta pixka bat, ez larregi. Eta Gotzon Garate? Erantzuten hasi orduko, atzeko mahaiko batek: Madrilgo Atleticokoa hil da, Eibarren jokatutakoa? Adarra jotzeko goizegi zela edo, laguna eta biok elkarri begiratu eta mutu gelditu gara. Ez, esan dio lagunak, hau ez zen futbolaria. Horretan utzi dugu. Tabernariak, euskalduna bera, keinu konplizea egin digu. Biak bertakoak dira, ni jaiotzerako hemen bizi zirenak, esan digu geroago. Hauek ez dute Arestiren aitaren etxearen berri, baina ez daude euskararen aurka, ni beren bilobek karatea ikas dezatenaren aurka ez nagoen bezalaxe. Izan ere, irekiak gara guztiok ere, demokratak oso eta bestearen munduan sartzea ez dugu maite, ez baldin badoa gure kaltetan behintzat.