Onintza Enbeita
Lutxanaren kasua berezia da. Zati bat Barakaldon du, eta bestea Erandion. Anekdotak asko dira, baina bada bat bereziki barrea eragiten duena bertakoen artean. Joan omen zen gizon bat trenez Moskuraino. Lutxanan trena hartu zuenean Moskurako txartela eskatu zuen geltokian eta ez zuen inolako arazorik izan Errusiako hiriburura heltzeko. Han zegoela ordea, etxera bueltatzeko sasoia heldu zitzaion eta tren geltokira joan zen Lutxanarako txartelaren bila. Saltzaileak segituan galdetu omen zion: “Lutxana, Barakaldo ala Erandio?”. Bai batean bai bestean, langile auzo enblematikoa da Lutxana. Akaso zikina batzuentzat, baina industrializazioaren ikur asko gorde ditu bere baitan, eta Bizkaiko langileen historiaren zatia dela ezingo du inork ukatu.
Erandio Goikoa, lehen hazia
Herria Erandio Goikoatik sortu zela diote historialariek. Oraindik ere baserri giroko lekua da, eta industrializazioa heldu arte, errekatik urrun bizi izan ziren bertako biztanleak. Lurrera begira zer galdu gehiago izan zuten uretara begira baino. Oraindik ere, Erandio Goikoako bidezidorretan sartuta, Euskal Herriko edozein herri txikitako antzerako inguruak ikusiko ditugu. Kontuan izan behar da, orain Barakaldok eta Erandiok Lutxana elkarrekin banatzen badute ere, XVI. mendean Barakaldo Erandio zela. Baita Alonsotegi ere. Horiek baina, beste sasoi bateko kontuak dira. XIX. mendean aldatu zen Erandioren itxura, Bilboko itsasadarrera industria heldu zenean.
Altzaga auzoan, Ibaizabalen ertzean, jende asko hasi zen beharrean, eta herriaren erdi-gune izatera orduan heldu zen inguru hori. Beranduago Astrabudua sortu zen. Itsasadarraren alboko guneek halako garrantzia hartu zutenean ipini zioten ordura arte Erandioko herri-gune nagusi izandakoari Erandio Goikoa izena. 1924tik 1966ra, tarteka Erandioren zati bat eta urte batzuetan Erandio osoa Bilbo izan ziren. Lutxanako portua izan zen Bilbok lehenengo bereganatu zuena. Hiriburuak ere industriaren eskaerei erantzun beharra zeukan eta hainbat inguru bereganatu zituen, baina 80ko hamarkadatik hona Erandio udalerri independentea da
Martiartuko dorrea, Errenazimenduko harribitxia
Historiak ikusteko moduko hainbat leku utzi ditu Erandion. Horietako bat da Martiartu dorrea. Izen bereko auzoan dago, Goierrin. XVI. mendean eraikitakoa da, eta gehienbat Errenazimenduko ezaugarriak gordetzen baditu ere, aulkiteria gotikoa dauka. Dorreak hamazortzi metroko altuera dauka, eta inguruetatik oso ondo ikusten da. Barrua hutsik dago, baina haren hormek XIV. eta XV. mendeetako egituraren aztarnak gorde dituzte.
Gotikoa da Andra Mariaren eliza ere. Erandio Goikoan dago, eta XII. mendekoa da. Kanpaia Bizkaiko zaharrenetakoa da, zaharrena ez bada. 1520 ingurukoa dela uste da, baina ez dago data zehatzik.
Karlistaldien aztarnak
Astrabuduara joan eta Goikolarra ingurura heltzen bagara, auzo horretako azken landak ikusteaz gain zenbait gauzaz ohartuko gara. Izan ere, ahoz ahoko transmisioak karlisten eta liberalen arteko guden hainbat zertzelada utzi ditu Erandioko Astrabudua auzoan. Oraindik ere, zenbait gotorleku badira Goikolarrako Axpe mendian, liberalek Azpuru baserriaren lurretan eraikitakoa, esaterako. Astrabuduako bazterrak bere mende zituenak portuko sarrera kontrolatzeko aukera zuen; horregatik izan zen hainbeste borroka inguru horretan.