argia.eus
INPRIMATU
Datozenei jarriak
Onintza Enbeita 2013ko maiatzaren 02a
Onintza Enbeita
Iñigo Azkona
I

Patera zaharrari
tira eta tira
kostata heltzen dira
batzuk urrutira.
Hegazkinez egiten
dute besteek bira.
ETORkinak etortzen
direnak badira
zergaitik gaude beti
pobreenei begira?


II

Etorkina ez da hitz
ona beharbada:
Mundua hala denetik
–zintzoak bagara–
gizakia izan da
askotan nomada:
lanera, ezkontzera
zein oporretara
beti ibili gara
hona eta hara.



III

Nahiz eta korrektoak
garela erakutsi,
politikoki zuzen
gabiltza itsusi.
Etorkinenganako
sarri dut ikusi
errespetu gehiegi
ta ulermen gutxi:
“Amen: zu hor ni hemen,
ta bakean utzi!”.

IV

Euskara ikasiko
balute gustura...
Baina eurenik ez dugu
hemen hartu gura:
“Euren erruz ai ene!
Hizkuntza galdu da!”
Ez bota pelotarik
besteen teilatura,
geurea baita geure
akatsen ardura.


V

Kultura berritzaile,
hizkuntza sorburu.
Herentzia adinaren
zama daramagu.
Konpartitzea hartu
dezagun helburu
guretzako bakarrik
gordetzen badugu
gurekin ehortziko
baitugu seguru.



VI

Lehen gertatuengatik
zergatik kezkatu?
Ez eskatzeak sarri
izorratu gaitu.
Baina geuk ematea
ez dezagun ahaztu.
Zergatik ez pertsonak,
kulturak nahastu
baietz beraiek beste
gu geu aberastu.

DoinuaEspainian behera.