Horregatik, urriaren 31n zurekin elkartu nahi dugu Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Hitz egin. Elkarrekin entzun Desordutan, Kerobia eta Zea Mays taldeek eskainiko duten kontzertua. Gaupasa izan daiteke ala trago azkarra, denbora zeure esku dago. Baina etorri, arren, erdu, zatoz, hitz egingo dugu betiko kontu berriez.
Festa zurekin biltzeko aitzakia da guretzat; zuretzat, gurekin egoteko aitzakian kontzertu ederra ikusteko aukera. Berdin zaigu, zeuk erabaki, baina jakin ezazu harpideduna bazara zain dituzula bi sarrera doan. Urriaren 24a baino lehen 943 36 72 85 telefonora deituta eskura ditzakezu, edo, ordenagailuarekin hobeto komunikatzen bazara
gunea@argia.eus helbidera mezua bidaliz.
Oraindik aldizkari hau etxean jasotzen ez baduzu ere, modu oneko plana da: 6 euro besterik ez zaizu kostako sarrera. Plateruenan bertan salgai duzu dagoeneko.
Kerobia, K bitamina gehien duen taldea
“K belaunaldia” izena jarri zioten: Kauta, Keike, Kuraia, Kudai... eta Kerobia, kuanto. K bitaminak Euskal Herriko taldeei on egin die azken urteotan; letra plural hori daramate izenean arrakasta handiena lortu duten euskal talde berrienek.
Kerobia auto berri bat bezalakoa izan da: inolako arazorik ez arrankatzeko; abiadura ona; apustu segurua. Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi zuten euren ibilbidearen lehen urratsekin batera. Hegal horiekin gora eta gora joan dira, Iruñerriko eszenatik nazio osora.
Hiru disko dituzte kalean, ñabardura askorako tartea irekitzen duen rock sendoaren erakusgarri. Azkena,
Materia organikoa eta gainerakoak izeneko autoekoizpena, Interneten jarri zuten edonork doan deskargatzeko. Special K: barrutik zaintzen zaitu Kerobiak bere musikarekin; kanpotik ere bai, horrelako opariak ez baitira egunero jasotzen. Musika Interneten eta doan. Beste talde batzuek ere formula beraren aldeko apustua egin dute, baina Kerobiarenak izan duen oihartzunaren ondoren eredua euskal musikagintzan finkatuago ikusten da. Eskertzeko modukoa da.
Elegantziak badu izena: Desordutan
Desordutan taldekoek lehen diskoa baino ez dute kalean, eta hala ere oso argi daukate zer egin nahi duten. Tolosarrak dira eta dagoeneko zeresana eman badute ere –besteak beste, beraiena izan da aurtengo Kilometroak jaiko abestia–, etorriko diren denboretan ezinbesteko erreferentzia bihurtzeko bidean dira.
Pop-rock heldua egiten dute, errazkeriari iheska dabiltzan kanta sotilak. Urriaren 31n Plateruenako taulara igotzen direnean lau erraldoi ikusiko ditugu, lasai, kezkarik gabe, oraindik daukaten tamainaz jabetu ez diren diganteak bezala. Ez saiatu kontra egiten: beraien oinetan belaunikatzeko jaioa zara.
Zea Mays: emozioa zainetaraino
Talde baten lana jarraitzen hasten zara. Disko bat, bi, hiru... Eta konturatzerako bosgarrenean daude, hamar urteko ibilbide sendoarekin. Elektrizitatez betetako hamar urte, harrobian baino gogorrago lanean; sortuz, grabitatearen kontra bada ere. Durangora ez dira lokartuta etorriko,
Morphina –taldearen azken lana– zainetan badaramate ere.
Zer gehiago esan liteke Zea Maysi buruz? Ezin dela egiten dutena deskribatu: Aiora Renteria zuzenean kantatzen ikusi behar da; Iñaki Imaz
Pitiren gitarra entzun, ahotsari izarretaraino laguntzen; Ruben Gonzalezek baxuarekin eta Asier Basabek bateriarekin osatzen duten oinarri erritmiko sendoa dastatu. Eta denak batera jotzean eragiten duten inplosio zirraragarria sentitu.
Bilbotarrak izan behar: talde handia da Zea Mays, emozioa zainera zuzen zuzenean sartzea bezala; eta beti dosi handiagoa behar duzu, aseko bazara.