argia.eus
INPRIMATU
Guretik mundura, mundutik gurera
  • Damba::Y si rompo mi camino

    Kameluak

    iraupena ::48’57’’

    prezioa ::12€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Astigarraga eta Donostia artean kokatuta dagoen talde honen estreinako lanak harrituta utzi nau: lortutako emaitza eta soinuagatik, K Industria diskoetxe eta banatzaile ezagunak Europan zabalduko duelako eta kalitate handiko kolaboratzaile ugari dituelako. Are gehiago, harrigarriena da soinuz eta mezuz hain latinoa, runberoa eta mundukoa izatea. Taldearen oinarria Eztanda taldetik badator ere, partaideak jatorri ugari eta anitzetakoak dira: euskaldunak, kubatarrak, venezuelarrak, espainiarrak... Folka, rumba, doinu latino eta kubatarrak, txa-txa-txa, popa edota Balkanetako ijitoen oihartzuna baliatzen dute herri eta pertsonen aldeko mezuak euskaraz, gaztelaniaz edota katalunieraz zabaltzeko. Kantuak hainbat lekutan grabatuta daude, eta bakoitzarekin giro berezia lortu dute.
«Kultura eta soinu asko nahastu daitezke, errespetuz jokatu eta musikarenganako hunkidura erakusten bada»

Patuak zeresan handia izan du lana osatzeko ala denbora luzean ibili zarete piezak elkartzen?


Lan luzea izan da, hiru bat urte pasa ditugu guztia prestatzen. Ez genuen mugarik jarri nahi. Hala, kantuen sentsazioek eskatuta pertsona eta leku desberdinak bilatu ditugu. Horrek guztiak bestelako koloreak batu dizkio.

Abestiek instrumentu eta moldaketa asko dituzte. Asko kostatu zaizue estudioan kantuak bukatutzat ematea, bila ari zinetena aurkitzea?


Oso exijenteak gara eta kantu bakoitzarentzat giro bat bilatu dugu; ez gara gustura gelditzen giro aproposa aurkitu arte; bestalde, beti izan dugu argi bakoitzean zer instrumentu erabili nahi genuen. Batez ere, herriko instrumentuak erabili ditugu.

Kulturak berreskuratu eta aurreiritziak apurtzeko ahalegina egiten duzue. Zein da kulturek bizirauteko modua?


Garrantzitsuena da inoiz ez ahaztea nondik gatozen, eta hori altxor moduan kudeatzea. Elkarlana ezinbestekoa da kulturek bizirauteko eta kontrasteak lortzea oso garrantzitsua da horretarako. Are gehiago, kultura eta soinu asko nahastu daitezke, baldin eta errespetuz jokatzen bada eta musikarenganako hunkidura erakusten bada.

Zer gertatzen da “nire bidea apurtzen ez badut”? Idatzita daukagu bidea?


Agintariek nahi dute gu guztiok artaldean ibiltzea, eta dagoeneko batzuk konturatu dira bakoitzak bere bidea eta nortasuna defenda dezakeela, bakoitzak bere ekartzeko modua daukala. Hiru abestik osatzen dute diskoaren izenburua.

Lortutako emaitzak latinotik asko dauka.


Bai. Asko gustatzen zaigu musika eta espiritu latinoa: goxotasun hori, gauza sinpleekin ondo pasatzen jakitea, jai gogoa… Baina ez dugu saltsa hutsa egin nahi. Batu dugu bluesa trikiarekin, son kubatarrak, rumba ugari… Momentuak eta gaiak eskatzen duena. Oso garrantzitsuak dira aberastasuna eta jakin-mina.