Quebec-eko iparraldean dagoen Hudson badia Groenlandiaren aurretik jarri da munduko harkaitzik zaharrenak izateko lehian. Orain arte Groenlandiako Isuan topatutako ofiolitoak izan dira munduko harkaitzik zaharrenak, 3,8 mila milioi urterekin. Baina Kanadako Montrealen dagoen McGill unibertsitateko Jonathan O'neil ikerlariak zuzendutako ekipoak harkaitz zaharragoak topatu ditu Hudson-eko badian, 4,3 mila milioi urtekoak hain zuzen ere. Datu honek plaken arteko tektonika (kontinenteak sortu ziren garai aldera) uste baino lehenago hasi zela adieraz dezake eta ondorioz, orain arte ontzat emandako datak berraztertzea ekar dezake.