argia.eus
INPRIMATU
Irakaskuntzaz eta
Xabier Etxaniz Erle 2013ko maiatzaren 02a
Xabier Etxaniz Erle
Alex Larretxi
Iraila amaiera aldean Deustuko Unibertsitateko errektoreak, ikasturte hasierako ekitaldian zela eta, Erkidegoko unibertsitateen arteko diru banaketa berria eskatu zuen. Gaur egun Unibertsitate Sistema bultzatzeko diruaren zatirik handiena Euskal Herriko Unibertsitateak jasotzen du, eta Deustuk, bere ikasle kopuruaren arabera, diru partida handiagoa merezi duela uste du.

Onartu behar dut eskaera hori ez dela arrotza euskal irakaskuntzan, horixe bera egin izan dute behin eta berriro –eta neurri handi batean lortu ere– unibertsitate azpiko sarean dauden ikastegi eta erakunde pribatuek. Batzuek herrikoiak direlako, beste batzuek euskal herritarrak hezten dituztelako, hangoek gurasoen inplikazioa ere bilatzen dutelako, beste horiek... denek eskatzen dute, zerbitzu publikoa egiten duten neurrian, gastuen finantziazioa.

Kontua, baina, ez da hori; hemen erakunde eta estamentu publiko eta pribatuak oso modu arinean nahasten dira, eta instituzioen aldetik nahasketa hori bultzatzen da. Harrigarria da ikustea Hezkuntza sailak, irakaskuntzan ari garenez, nola bultzatzen duen irakaskuntza pribatua publikoan behar handiak egonda. Harrigarria finantziazioaz hitz egitea baina ez irakasleak kontratatzeko, ikasleak hartzeko edo curriculum zehatzeko prozeduraz, esaterako.

Deustuko Unibertsitateak, eta imajinatzen dut Mondragonek ere, diru gehiago nahi dute, instituzio publikoen dirua, ni ez nago horren kontra, lehendik instituzio publikoek bere unibertsitatearen beharrak ase badituzte. Hemen argi eta garbi esan behar delako Eskola Publikoa dela Jaurlaritzarena, EHU dela Erkidegoko instituzioen unibertsitatea, eta askotan ematen du besteen parean daudela, Jaurlaritzakoek ez dituzte beretzat hartzen. Legeak markatzen du nola sar daitekeen pertsona bat lan egitera erakunde publikoan, prozedura publikoak eta gardenak izan behar dira, soldata politikariek erabakitzen dute... haien ateetara
jotzen duen oro hartu behar dute.

Esku artean aldizkari bat duzu orain, irakurle. Euskaraz eta Euskal Herrirako, euskal herritarrontzat eginiko aldizkaria. ARGIAk bere zerbitzua egiten du, zerbitzu publikoa esango genuke. Inori bururatzen al zaio ARGIAko gastu guztiak Jaurlaritzak ordain ditzala esatea?

Susmoa dut euskal irakaskuntza sistemako agente asko horixe bera eskatzen ari direla beren zentroentzat... eta instituzioetatik baietz erantzuteko prest daudela tamalez.