Atuna arraindegietan urte osoan topatzen badugu ere, Euskal Herrian atunaren inguruan antolatzen diren festak uda partean izaten dira guztiak. Atunek migrazio-bide oso luzeak egiten dituzte, nahiz eta nagusiki munduko bi leku dira beraien kokaleku nagusiak, hots, Mediterraneoa eta Mexikoko Golkoa.
Batean zein bestean jaio izan, atungorriak (Thunnus thynnus) heldutasunera ailegatzean bere jaiotze-lekuetatik irten eta Atlantikorantz jotzen du, eta Mediterraneoan jaiotakoa izan nahiz Mexikoko Golkoan jaiotakoa izan, nahastu eta elkarrekin bizitzen dira ugalketarako adinera heldu arte.
AEBetako hainbat unibertsitateko ikerlari-talde batek Jay Rooker eta Barbara Block buru dituela, atunek barne-belarrian dituzten otolito deitu substantzia-bilduma aztertu du. Bertan topatzen diren karbono eta oxigeno kantitateek jaiotze-lekuaren berri adierazten dute ziurtasun handiz. Horrela jakin izan dute Ameriketako uretan aztertutako atunetatik erdia baino gehiago Mediterraneoan jaioa dela.
Hori dela eta, Mexikoko Golkoko eta Mediterraneoko atun-populazioak erlazionaturik daudela ondorioztatu dute eta batean gehiegizko arrantza baldin badago, bestean ere populazioaren txikiagotzea gertatuko da. Berri honen garrantzia handia da, zeren eta une honetan eztabaida bizian ari dira arrantza egin nahi dutenak eta nahi ez dutenak.