EITBko
Navarra Directo saioan dihardu Itziar Benedék. 27 urteko kazetariaren aburuz, euskal munduak berrikuntzaren alde egin behar du.
Komunikazioaren aldetik, nola baloratzen duzu Nafarroa Oinezek gizartean duen eragina? Kasuan kasuko ikastolaren proiektua, errealitatea eta beharrak gizarteratzen al dira behar bezainbeste?
Uste dut ez direla helburu horiek guztiz betetzen. Egia esan, kasuan kasuko ikastolaren euskararen egoera orokorra ezaguna da, ez baita gauza bera Nafarroa Oinez bat Beran, Erriberan edo Iruñean antolatzea. Baina festa hauetara joaten gara eta sarri ez dakigu benetan zein den ikastetxearen xedea, zein behar dituen, zein den bere egungo errealitatea, eta abar. Horretan hankamotz gabiltza. Alabaina, aurtengo Nafarroa Oinez dela-eta urte osoan zehar egin den kanpaina oso bestelakoa izan dela iruditzen zait. Egin diren ekitaldiak (brake dance eta hip-hop jaialdia, bideoklipa bera...) oso urbanoak izan dira eta horrek oso ongi islatzen du bai Iruñeko errealitatea, bai Jasorena ere.
Euskararen aldeko jaialdiek hedabideetan behar adina oihartzun dutela pentsatzen duzu?
Ospatzen diren egun horietan bertan hedabideen arreta bereganatzen dute, baina ez, ordea, gero. Oso jarraipen txikia egiten zaio eta gizarteak, oro har, ez du jakiten zein izan den eman duen laguntza ekonomiko horren fruitua. Beharbada, xedeak bai egiten direla publiko, baina ez emaitzak.
Jai hauetako egitarauetan ohikoak diren ekitaldiez gain zein beste gehituko zenuke? Eta zein kenduko edo murriztuko?
Aurtengo Nafarroa Oinezen ildoa ikusita, tradizioa eta modernotasuna uztartuko nituzke beste kulturetako ezaugarriak txertatuz; esaterako, taloen postu baten ondoan, kebaben beste bat jarriaz. Azken finean, egungo Euskal Herria oso anitza da eta honelako festek errealitate horren erakusleiho izan behar dute. Gainera, honek jende berria erakar lezake.
Zerbait kentzekotan, folklorismo kutsu handia kenduko nioke festari, ustez euskaldunak identifikatzen gaituen hori. Izan ere, gaur egungo euskaldunak hori eta askoz gehiago gara. Ezin da duela hamar urteko Nafarroa Oinez bat aurten egin, garaiak aldatzen direlako.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Nafarroan?
Kalean gero eta gehiago entzuten da euskara eta gero eta guraso gehiagok egiten dute euren seme-alabak ikastoletara eramateko hautua. Gobernuari begiratzeari utzi eta Nafarroako euskaldunok gure bidea egin behar dugu. Honen ildotik, aipatu nahiko nuke euskara naturaltasunez erabili behar dela, Euskaltzainditik igortzen diren arau guztiak bete ez arren. Azken finean, euskara jakitea zer da, euskarazko gramatika arauak ezagutzea eta aplikatzea bakarrik? Euskara zuzen eta egoki erabili behar dela oso barneratua dugu, baina nire ustez bakoitzak bere modura erabili behar du, horrela bakarrik sentituko duelako bere eta suertatuko zaiolako erabilgarri, eta ez zerbait arrotza, edo eskolan hitz egin beharreko hizkuntza. Egun, kazetaritzan euskara jaso eta zuzena erabiltzen da, baina entzuleak, ikusleak, edo irakurleak gertu sentitu behar du euskaraz kontatzen zaion albiste hori eta horretarako, euren ohiko hizkuntzara gerturatu behar da kazetaria, baina kontuz, arrunkerian erori gabe! Beste hizkuntzek duten freskotasuna lortzeko euskarak
tuneatzeko beharra du.