argia.eus
INPRIMATU
Mitoak (erotikoak eta bestelakoak)
2013ko maiatzaren 02a
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
Juanjo, zure azken ttakunkadan proposatzen duzun trama erotiko-politikoa erraz sar zitekeen Vaya Semanitako esketx batean. Behinola Vaya Semanitako umorea genuen esperantza bakarra, gogoratzen? Azkenik egiten genuen barre komunikatu bat irakurtzen ari ziren etakideen aurrean, azkenik ikusten genuen ertzain bat eta kale borrokako kirolari bat sitcom bateko protagonista. Tabua erortzen ari zen, gauzak aldatzen ari ziren, ematen zuen satiraren bitartez gatazka delakoak bereak egingo zuela. Aurreikuspen baikor horietatik urte batzuk pasa dira, eta ez dut nik aurrerapen handirik sentitu. Vaya Semanitakoek ere asko apaldu dute beren esketxetako kutsu politikoa eta López gora eta behera ari bagara ere aspaldi ez dugu Los Santxezen berri.

Zer egingo diogu ba. Mitoak eratzeko eta mantentzeko ikus-entzunezko industria indartsu bat behar delako izango da akaso. Hau ez dela Hollywood, finean. Hollywoodek bost kapitulutan konponduko luke euskal gatazka, nahiko balu.

* * *

Esanguratsua da oso ametsen fabrikak egindako aukeraketa, Urrek aipatzen duen Amerikako Estatu Batuen mito fundatzailea eraikitzea egokitu zitzaionean. Eskolan, zuzenean pasatzen ginen Frantziako Iraultzara, baina bazegoen iraultza bat orri bat lehenago, Amerikar Iraultza, hain zuzen. Ekialdeko kostaldeko hamahiru koloniak britainiar korotik askatu zirenekoak. AEBek independentzia lortu zuten, demokrazia, berdintasuna eta liberalismoaren eskutik lortu ere, gerora etorriko ziren iraultzetarako eredu bihurtuz.

Bada, Historiako pasarte arrunt garrantzitsu hau ez da apenas existitzen Hollywoodeko zinean. Hor dugu Mel Gibson-ek protagonizaturiko The Patriot tamalgarria, baina askoz gehiagorik ezin aurkitu. Hollywoodek ehun urte egin ditu aurrera mitoa eraikitzerako orduan eta beste gerra baten ondorengo garaietara jo du sistematikoki. Gerra Zibilaz ari naiz, iparra eta hegoa aurrez aurre jarri zituena. Eta hori eginda, zineak berezkoa duen genero bakarra asmatu zuen: westerna. Mendebaldearen konkista, soldadu konfederatu galduak, indioen garbiketa, lurraren domestikatze indibiduala… horretan bazegoen mito amerikarrerako materiala, eta ez noski, demokrazia, berdintasuna, giza-eskubideak eta XVIII. mendeko ideia ilustratu horietan guztietan.

* * *

Orain, animalia guztiak (dinosauroak barne) Noeren arkatik datozela sinetsi eta irakatsi nahi duen pertsonai bat agertu da AEBetako politikan. Sarah da, Sarah Palin. Kezkatuta nago oso emakume honekin. Bere potentzial izugarriaz ez naiz ohartu harik eta blogosferan barrena osteratxo bat egin dudan arte. Gauza batzuk blogetan bakarrik aitortzen dira, badakizue, eta nire osteratxo horretan beren buruak heterosexual eta ezkertiartzat dituzten gizon asko Sarah Palin-en sex-appealak jota aurkitu ditut. Eta egia esanda, badu bere zera, dominatrix itxura horrekin. Edozein momentutan mototsa askatu, betaurrekoak alde batera bota eta strip-tease saio bati ekingo diola ematen du. Hitchcock-ek ere horrelako emakumeak zituen gustuko: hotzak, santujaleak, eskuraezinak. Baina behin taxiaren barruan, eskua zure hankartera eramango zutenak zalantza izpirik gabe.

Emakumeen botoak erakartzeko proposatu omen dute Palin presidenteorde, baina nago gizon ugari ari direla Sarah Palin taxi barruan imajinatzen. Auskalo zer ondorio ekarriko duen fantasia horrek botoa ematerako orduan.