argia.eus
INPRIMATU
Elena Irureta
“Dena ez zait gustatzen, eta gustatzen zaidan dena ezin dut egin”
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30
Elena Irureta
Dani Blanco
Zumaian duen landetxetik platora eta platotik landetxera pasa du uda. Aktoreek jubilatu ezin dutenez lan egitea tokatzen omen zaio. Lotsagabeak gu, bere atseden egun bakan batean elkarrizketa eskatu diogunak.

Zuen aitari asko gustatzen omen zitzaion zu pantailan ikustea.


“Ez al dago besterik?”, galdetzen zidan, lotsatuta. Ez zitzaion serioa iruditzen. Hortik bizi nintzela esaten nionean, ezin zuen ulertu.

Baina zu bokaziozko aktorea izan.


Bai zera! Nik ez daukat bokaziorik! Hala suertatu delako naiz aktore. Beste gauza batzuk baino gehiago gustatzen zait, baina ziur nago askoz gauza gehiago gustatuko litzaizkidakeela. Pena ez dugula gustuko dena egiteko denborarik.

Aktore askok denbora soberan dute, tamalez.


Ehun argazkiko book-a egin eta produktoratik produktorara ibiltzea alferrik da. Beti egongo da zu baino jende prestatuagoa. Zu zeu izan behar duzu, zeure bidea sortu. Ezin duzu antzerki-tailer batetik irten eta Hamlet egin behar duzula pentsatu.

Nik Jose Ramon Soroizen emaztea zinela pentsatu dut beti!


Horixe bera esan zidan lehengoan emakume heldu batek. Ezetz erantzun nionean ez zidan sinistu. Ezin omen da bestela izan.

Antzerkia izan daiteke bestelakoa?


Niri antzerkia zaharra iruditzen zait. Ez dugu jendea mugitzen, eta hori gure errua da, ez antzerkiarena.

Eureka! Autokritika pixka bat autokonplazentziaren munduan!


Ni ez noa antzerkira. Ikusten dudan gehiena ez zait gustatzen, eta antzezten ditudan obra asko ere ez. Niretzat antzerkia ez da sarrera ondo pagatuta “asteko irteeratxoa” egin nahi duten 50 urtetik gorakoei begira soilik egin beharreko zerbait!

Holako jenioarekin nola ibili zaitezke casting-etik casting-era?


30 urteko ibilbidea eta gero pelikula batean bi esaldi esateko proba bat pasa beharra... Soldaduskan bezala izan beharko litzateke. Valor: se le supone.

Egin zaitez intsumiso!


Egunero etsaminatzen zaituzte, beti zaude eskaparatean, eta askotan nazkatu egiten zara. Horregatik da garrantzitsua, besteen eskuetan erori gabe, zeure gauzak sortzea.

Baina hobeto geratzen da Madrilera zoazela esatea...


Proportzioan, Madrilen hemen baino lan gutxiago dago. Mundu guztia dago hantxe, zain. Ni ez nintzateke han geratuko. Lana ez zait hainbeste gustatzen.

Erraza dago zurekin asmatzen! Zer gustatzen zaizu ba?


Dena ez zait gustatzen, eta gustatzen zaidan dena ezin dut egin. Ez naiz Al Pacino, ezta Meryl Streep ere. Elena Irureta naiz, eta honezkero, hala beharko du!