argia.eus
INPRIMATU
Suomiak eta afganiarrak bat
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a
Urkia
Suomin nazio zuhaitza da urkia. Bertako zuhaitz ugarienetakoa da eta, hemen txerriarekin esaten dugun eran, urkiaren azkazalak ez beste guztia baliatzen ikasi dute; biziko badira, beharko! Suomiren ikur nagusia urki baten aurrean makurtutako neskatoa da. Neskato hori betirako kateatuko duen eraztuna eman aurretik, urki azalez egindako beste bat ematen dio bikotekideak. Horra urkiarenganako mirespena!

Bikotea lotuta, aterpe beharrean izango da. Han urkia bezalakorik ez da. Teilatua egiteko urki azala nagusi. Isolatzaile bikaina da, hango teilatuetan funtsezkoa: lata edo txila eta zohikatz edo belar zotal edo teilaren artean jartzen da. Olio ugari eta mundruna edo brea ditu eta horrek ez urik ezta haizerik igarotzea eragozten du. Gaur egun beste mundrun bat darabilgu isolatze lanetarako mundu osoan: petroliotik edo harrikatzetik eratorritakoa. Petrolioaren aurretik ez al ditugu Urkiatarrak akabatuko! Afganistan gajoan, 1.800 urteko urki azalak eusten dio ezagutzen den monasterio budista zaharrenari.

Urki azalak aterpetuko duen beroa sortzeko, azal horrek berak lehen ere, zutik zenean, aterpetzen zuena dute su-egur. Bost milioitik gorako suomiarren hamar etxetik batean, oraindik ere, urki egurrez berotzen da negua. Epel horretan, besterik ezean, azala eta egurraren arteko barruko azala jango dute. Jateko murtxikatu, asko ez dela aitatzen nuen Harri Aroko indusketa batzuetan topatu duten txiklearen antzera, orain 5.000 urte legez.

Egun xilosa ateratzen zaio urki egurrari. Txikleak eta gozokiak gozatzeko gaia da, diabetikoentzako egokia –intsulina beharrik gabe metabolizatzen du gorputzak– eta hortz-haginetan txantxarrik zulatzen ez duena. Milaka urteren ondorengo ganorazko atarramentua.

Epelean jan eta edan. Zintzurra leuntzeko, barrunbeak pozteko eta burua arintzeko urkiaren izerdi gozotik hartzitutako ardoa edaten dute. Hostoz jantzi aurreko izerdi berria kentzen diote, lau bat litro eguneko zuhaitzeko, batez beste. Eztiz eztitutako izerdia baratxuri eta limoi azalez irakin ondoren, hartzitzen laguntzeko garagardo pittin bat erantsi. Hartzidurak aho sabaiaren oniritzia duenean botilei eman eta hozkailuan jarri.

Urte berrian, zaharrean etxeko epelaren altzora bildu bide ziren etsaiak kanporatzeko urki adarrezko erratza dantzatzen dute.