argia.eus
INPRIMATU
Bularra hartzen duten haurtxoak azkarragoak dira
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 02a
Haurra bularra hartzen
Gero eta zailagoa da amaren bularretik elikatutako umeen abantailak eta mesedeak ukatzea. Gaiaren inguruan sekula egindako ikerketa zabalenak erakutsi duenez, elikadura modu natural horrek eragin guztiz positiboa dauka umeen garapen kognitiboan, eta haren adimen-koefizientea hobetzen du.

Hau ez da haurren koefiziente intelektuala eta ama-esnez osatutako elikadura lotzen dituen aurreneko ikerketa, baina orain arteko ia lan guztiak behaketa modukoak ziren. Amaren portaera bezalako faktoreen eragina ezin kontrola zitekeenez, haurraren adimenaren eboluzioa aztertzeko ez ziren hain fidagarriak.

Orain, sei urte eta erdi iraun duen ikasketa kontrolatu eta aleatorioan, Bielorrusiako 31 ama-haur zentrotan jaiotako 13.889 haurtxoren jarraipena egin da. Eta herrialde horretan amaren bularra luzaroan eta esklusiboki emateak inolako diru-laguntzarik edo bestelako pizgarririk jasotzen ez duen arren –Europako hainbat herrialdetan duela urte batzuk jarri ziren martxan horrelako neurriak–, ikerketak ondotxo frogatu ditu amaren bularreko esneak adimenaren gain dituen mesedeak.

PROBIT ikerketak (Ama Edoskitzea Sustatzeko Saiakuntza) “luzaroan amaren esnea soilik hartu duten umeak gainerakoak baino adimentsuagoak edo azkarragoak direla” frogatzen du, lanaren arduradun nagusi Michael Kramer-ek azaldu duenez. Zehazkiago esateko, OME eta Unicef erakundeek bultzatuta, ama-esnea soilik sustatzeko programan parte hartu zuten umeek 7,5 puntu gehiago lortu zituzten ahozko adimen test batean. Bi taldeen arteko aldeak nabarmenak izan ziren beste alor batzuetan ere –2,9 puntukoa adimen ez-ahozkoan, eta 5,9 puntukoa garapen kognitiboan–, betiere Wechsler-en haur-adimena neurtzeko testak aplikatuz. Eta test horiek dira gaur egun erreferentzia bezala erabiltzen direnak gizarte garatuetan.

Zalantza bakarra azaldu da: esnea albo batera utzita, ea amaren eta umearen arteko harreman estuagoak zer nolako eragina izango zuen emaitzetan.