argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Zikoizkeria finantzarioa
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 02a
Iragan astean lurrikara finantzario berriaren lekuko izan gara. Lurrikara horren ondorioak ezezagunak dira oraindik, eta ez sorburu izan zuen AEBetan soilik, baizik eta mundu guztian; ekonomia amerikarra gaixotzen bada, mundu guztia kutsatzen baitu. Joan den astean historiako hondamen handiena gertatu zen, Lehman Brothers-ena, 430.000 milioi eurotako zorrarekin. Hondamenak 25.935 langileei eragin zien, eta 100.000 erakunderi, inbertsio fondoei eta pentsioei. Ez da lehenengo banku porrota izan, eta ez da azkenekoa izango. Larri dagoen beste banketxe amerikarra, Merrill Linch, azken unean Bank Of America-k bereganatu zuen. Ondorioz munduko burtsa guztia erori zen eta kolapso finantzarioa eragin. Banku zentralek, hondamendi okerragoa saihestu nahian, likidezia gehiago sartu behar izan zuten.

Zein da egoera horren giltza? Bankarien zikoizkeria, eta horri bide ematen dion sistema kapitalistaren basakeria, non balio duena irabaziak ahalik eta kostu gutxienaren bidez lortzea den. Banketxe amerikarrek pentsatu zuten baliabide gutxikoei maileguak emanez gero, diru gehiago irabaz zezaketela eta 900.000 milioi dolar eman zituzten kreditutan, “zabor hipoteka”k, alegia. Etxebizitzen balioa beti igotzen joango zela pentsatu zuten, hortaz ez zitzaien axola bezeroek lanpostua galdu eta zorretan geratzea. Finantzario askok uste zuten merkatu higiezinaren gainbehera pentsaezina zela AEBetan. Huts egin zuten. Orain eragin suntsitzaileak nozitzen ari gara. Zikoizkeriak euren aurka egin du! Larriena da hondamendia eragin duen sistema ekonomikoa irabazi garaietan interbentzionismoaren aurkakoa dela, baina galtzen ari denean laguntza publikoa eskatzen du, CEOE espainiarrak egin berri duen bezala. Orain ordain dezatela euren zikoizkeria! Eta ez diru publikoarekin.