argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Abertzaletasuna, gatazkaren zurrunbiloan harrapatua
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Caja Vital atentatua
Raul Bogajo / Argazki Press
Udako atxiloketa ugarien ondoren, Bizkaia Komandoa deseginda zegoela entzun genuen eta, enegarrenez, ETA oso ahul zegoela jada. Hori bai, badaezpada ere, polizi agintariek eta politikari ugarik, leloarekin konfiantza gehiegirik ez barreiatzeko edo, zera gehitzen diote, ETAk oraindik baduela atentatuak egin eta hiltzeko indarrik. Luis Conde de la Cruz militar espainiarrarena izan da ETAk eragindako azken heriotza horietakoa.

Eta Santoñakoaren aurretik, Ondarroan eta Gasteizen ere bonba-autoek txikizio eta zauritu ugari utzi dituzte. Ondarroakoan Ertzaintzaren komisaldegiko ertzainak helburu baziren ere, ez zen hildakorik izan. Eta asteko laugarren saiora atzera eginez, hilaren 17an, Basauriko polizia nazional bat bizirik atera zen bere autoaren azpian jarritako lehergailuak eztanda egin ez zuelako.

Behin eta berriro ETAk kolpe handiak jasaten baditu ere, berrosaketarako eta erasorako duen ahalmenaren erakusgarri dira atentatu hauek. Urteak aurrera egin ahala gero eta sinesgarritasun gutxiago du ETArekiko polizi garaipenarenak.

Dagoeneko sinesgaitza den moduan, ETAk behartutako negoziazio batetik bere borrokaren helburu historikoak –autodeterminazioa eta lurraldetasuna– lortuko direnik. Alabaina, herri honetako bizitza politikoaren gurpilak nagusiki jira-bira horretan jarraitzen du.

Espainiako estatuak, antza, aspaldi ikasi zuen polizi indarrekin soilik eta bakarrik ETAren aurka eginez, ez zuela berau garaituko. Horrexegatik ekin zion ezker abertzale osoa errepresioz zokoratzeari. Estatuaren oldartze horren kapitulu latzenetakoa bizi izan da iragan astean: EAE-ANV eta EHAKren ilegalizazioak, eta AAB eta Askatasuneko 21 kideren aurkako 200 urteko espetxe zigorra. Ezker abertzaleko errepresaliatuen aldeko sostengu lana bideratu eta bere diskurtso ofizialaren masa borrokaren antolatzaile izateak 10 urteko espetxe zigorra merezi badu, neurri juridiko-politiko horiek borroka armatua elikatu besterik ez dute egiten.

Ramon Jauregi PSOEko buruzagiari aurten egindako elkarrizketa batean irakurri nion urteetan ezker abertzaleko alor politikoa indartu guran aritu direla, horrela alor politikoak militarrari gain hartuko ziolakoan. Baina horrek ez duela emaitzarik izan eta, beraz, politikan jardun nahi duenak ezingo duela ETA justifikatu. Politikan legez aritzekotan, beraz, ETAren jarduera gaitzetsi beharko dela, bestela jai. 1997an espetxeratu zuten HBko Mahai Nazionala Alternatiba Demokratikoa kanpainaren bideoa zabaltzeagatik. Oraindik ere alderdien ilegalizazio bidea finkatu barik bazegoen ere, hura izan daiteke garai berri honen guztiaren hastapena. Dagoeneko hamaika urte estrategia berean dihardutela, eta gurpilak bere horretan jarraitzen du.

Ezker abertzaleak ere bere ondorioak atera beharko ditu, batez ere egoera honek bere helburuetan aurrera egitea zein neurritan ahalbideratzen duen beste behin ere berraztertuz. Azken finean, abertzaletasuna bera da gatazka bortitzaren zurrunbilo honetan harrapatua dagoena. Bere baitan halako oinordekotza dakarren ideologiak erakargarritasun potentzialitate handia galtzen du belaunaldi berrien aurrean.

Ekonomi krisiaren azken urratsek mundua astindu dute berriz ere. Lehen urratsean aberatsen mundua batez ere, baina ezaguna da bigarren urratsean herritarrenganako eragina lehen mailakoa dela. Batetik, krisiak hedatzen jarraituko duelako eta, bestetik, herritarren sosak aberatsen arazoak konpontzeko barra-barra erabil daitezen ateak zabaldu dituelako Bush Administrazioak.

Krisi honen klabeak aztertzeko idazten diren analisi guztietatik, oraingoz ondorio bat da argi nabarmentzen dena: krisia hasi besterik ez da egin.