Pablo Picassok egindako marrazki, grabatu eta litografiak jarri dituzte ikusgai Bilboko Arte Eder Museoan, Picasso eta liburuak izenburupean. Erakusketa urtarrilaren 11 arte izango da zabalik. Bestalde, Miquel Navarro artista valentziarrak Guggenheim museoan paratu du Zure mundua, zure hiria izeneko erakusketa. Bi mila pieza txikirekin osatutako hiria egin du Navarrok. Artistaren sormen prozesua ezagutaraztea du xede erakusketak, baita giza-dimentsioaren kontzeptuaz hausnartzea ere. .
Harkaitz Canok Hanif Kureishi idazle eta gidoilari ingelesaren Intimitatea (Intimacy) nobela euskaratu du. Emaztea eta semeak uztear dagoen gizonaren istorioa kontatzen du Txalaparta argitaletxeak plazaratu duen liburuak.