argia.eus
INPRIMATU
Zientzia modernoaren goresmenaz
Xipri Arbelbide 2013ko maiatzaren 02a
Xipri Arbelbide
Dani Blanco
Pedro Miguel Etxenike adiskidea NUPko Doctor honoris causa egin dute uda hastapen honetan. Bere hitzaldian erran du besteak beste: “El edificio conceptual de la ciencia moderna es la obra cultural colectiva más importante de la humanidad”.

Ñabardura zerbait gustatuko zitzaidan. Egia da zientziari esker bizi esperantza 80 urtera luzatu zaigula. Airez ibiltzen garela orenean mila kilometro eginez. Jakintsuek asmatu puskila-muskilez betea dugula etxea: telebista, telefonoa, DVD, MP3 eta abar. Ez du 40 urterik gure etxeetan sartu direla argi indarrarekin. Txaloak beraz jakintsuei.

Baina zer kosta zaigu? Lurra hil bizian baldin badago ez ote da jakintsuek asmatu guzien ondorioz? Ez zaie gogoan pasatu ere, haiei esker daukagun biribilak botatzen duen CO2 famatu horrek lurra hil zezakeenik.

Jakintsuen kontzeptuek eman dute nuklearra. Lehergailu atomikoari segundo bat aski izan zaio 100.000 jenderen hiltzeko Hiroshiman. Nork erran dezake ez dela gehiago gertatuko jakintsuak milaka ari direlarik oraino lan horretan?

Uztail honetan Rhone ibai bazterreko zentral nuklear batetan gertatu da ezbehar bat. Aipatzea balio ez zuen zerbait, alafede, horko jakintsuek erran digutenaz. Baina gauza kuriosa, bainatzea debekatu dute, baita arto landak ureztatzea ere ezbeharrak hunki urarekin. Zergatik, aipatzea balio ez zuen zerbait baldin bazen? Ez digute erran. Orain arte ere ez dugu zentral horietan dauden zientzilari oldearen solas handirik entzuten.

Uda honetakoa da. Mediku kantzerologo famatu talde batek gomendatu dute sakelako telefonoa ez nolanahi ibiltzea. Jakintsuak horiek ere. Baina berehala haserretu zaizkie Academie des Sciencesko beste mediku jakintsuak. Isilik egon zitezen otoi! Telefono horrek egin ditzakeen kalteen frogarik ez zutela. Ez zutela jendeak beldurtzeko eskubiderik. Minbiziak hil andanaño bat egin arte, deus ez aipatu behar... ekonomiari kalterik ez egiteko?

Lehenagoko Inkisizioa gogoratu zait. Orduan ere isilik egon behar zen linea ofizialari jarraikiz. XXI. mendean bide beretik gabiltza, gure inkisidoreak jakintsuak ditugularik. Eta dogmak, zientziakoak.

Ni ere jakintsuei begira egona naiz, begiak zurituak, haien erranak irensten nituela, katixima egin zidan Athor erretorearenak bezala.

Fede hori galdua dut. Zientziak zerbait asmatu orduko nire lehen galdera: zer kalte ekarriko digu horrek? Athorren erranen sinesteak ez dit kalterik egin. Zientzian sinesteak aldiz… Gure beharrei erantzuna ematea baino segurago, behar berriak sortzea dauka helburu ekonomiaren onetan!