argia.eus
INPRIMATU
Oinatz Bengoetxea
“Aurtengoa niretzat ere sorpresa izan da”
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30
Oinatz Bengoetxea
Dani Blanco
Autoa plaza erdian utzi eta irribarretsu azaldu da Oinatz. Galderekin hasi eta autoak arrankatuta segitzen duela ohartu naiz. Azken boladan, halatsu omen dabil bera ere. Gelditu gabe.


Leitzarra eta pilotaria, harritzekoa!



Mendi lekuotan beti egon da pilotarako afizioa, eta hirietan besteko aukerarik ez dagoenez… Guretzat pilotan aritzea munduko gauzarik normal eta naturalena izan da beti.


Zuk bazenekien pilotariak primeran bizi zirela!



Bere exijentziak izan arren, gure egunerokoa ez da oso-oso sufritua. Gurea ez da arrauna edo ziklismoa bezain kirol sakrifikatua.


Seguru? Zuenean, txiki eta argalak zereginik ez duela dirudi.



Fisiko indartsu eta orekatua izatea beti izango da garrantzitsua, baina teknikarekin gabezia asko konpondu daiteke. Teknikoki oso ona dena beti aterako da aitzinera, gorputzez eskasa izan arren.


Esadazu zu txikienetakoa izan zarela beti, handiagoen aurka jokatzen zenuela...



Horrek izugarri zailtzen zaitu. Besteek indarraren poderioz lortzen zutena guk bestela lortu behar izaten genuen. Gorputza goizegi hartzea ez da ona, beste dohain asko garatzea eragozten dizu.


Hola ikasi zenuen kontrarioei burua jaten?



Buruarentzat oso desberdina da derrigorrez irabazi behar izatea ala deus galtzekorik ez izatea. Lasai, konfiantzaz, eta galtzeko beldurrik gabe jokatzen duzunean, hobeki jokatzen duzu beti.


Ez esan buruz buruko txapela janztea espero zenuenik!



Egun batean iritsi nintekeela pentsatzen nuen, baina aurtengoa niretzat ere sorpresa izan da. Dena ezin hobeki atera zait.


Txapelaren osteko hilabetea, aldiz...



Igotzen den guztia jaitsi egiten da eta...

Baina txapeldunari ez zaio barkatzen!



Ongi ari zarenean zeruan jartzen bazaituzte normala da gaizki jokatzen hastean kritikatzea. Txapelduna izanda kritikatzea kaltegarriagoa da, baina problema gozoak dira horiek!


Ikusiko duzu hurrengo txapelketan...



Berez lau eta erdikoa buruz burukoa baino egokiagoa da nire ezaugarrietarako. Gauzak ongi ateraz gero zergatik ez?


Sudur puntan jarriz gero, EPEL-ek finala urte-betez atzeratuko duelako!



Araudiak batzuetan aplikatzen dira eta bestetan ez hainbeste. Enpresen interesak guztiaren gainetik daude. Horiek dirua egiteko daude eta...

Enpresak dirua egiteko eta zuek ikuskizuna emateko. Gora pilota!



Txapelketan irabaztea da garrantzitsuena, baina hortik kanpora, joko zozoa eginda irabazteak ez du deusetarako balio. Ikuskizuna eta eraginkortasuna konbinatu behar dira.