argia.eus
INPRIMATU
Jaime Rosales
«Mugimendu handiagoak aktibatuko dituen bibrazio txiki bat eragin nahi dut»
  • Pentsarazten duen zinema egiten du Jaime Rosales zuzendariak (Bartzelona, 1970). Las horas del día lehenengo filmarekin Nazioarteko Kritikaren Saria jaso zuen Cannesen, eta polibisioa –pantaila bitan zatituz errealitate bera eta aldi berean desberdina adieraztea– teknika berritzailearekin La Soledadek film eta zuzendari onenaren Goya Saria irabazi du aurten. Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duen hirugarren lanak ere (Tiro bat buruan) ez du inor epel utziko. ETAk Capbretonen hildako guardia zibilen gertakaria oinarri hartuta, elkarrizketarik gabeko pelikula egitera ausartu da oraingoan.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko uztailaren 12a
Jaime Rosales
Dani Blanco

Kuban eta Australian ikasi duzu zinemagintza. Kubako metodologiaren eragina al da zure pelikuletako austeritatea, apaindura eza?


Egia esan, Kuban bi film labur egin nituen eta ondoren Australian bat, eta Australiakoa kasik Kubakoak baino austeroagoa zen. Hain zuzen, gauza oso gutxi zegoen leku batetik etorri eta hainbeste gauza zegoen tokira iritsita, erakargarriagoa egin zitzaidan baliabide jakin batzuk ez erabiltzea, nahiz eta aukera izan. Pelikulekin hori egiten jarraitu dut: esaterako, inoiz ez dut nire pelikuletan travellingik egin, eta ez ekoizpenak ezin zuelako ordaindu, askatasun gehiago ematen dizun planteamendu etiko-ekonomikoagatik baizik. Ekonomia eramangarriago batean mugitzen banaiz, ziurrenik formalki gehiago esperimentatu ahal izango dut, pelikula ausartagoak eta askeagoak aurkeztuz.

Filmetan teknika berritzaileak erabili dituzu, polibisioa, esaterako. Pelikula bat egitea lengoaia zinematografikoarekin esperimentatzeko modua al da?


Bai, noski, artea (eta zinema) ez da lengoaia bat zeinetara une jakin batean iristen zaren eta kito. Batzuek bai uste dute pintura, eskultura edota zinema modu jakin batekoak izan behar direla, baina beste batzuentzat, historian eraikitzen eta garatzen doazen proposamen estetikoak dira. Nik hala ulertzen dut eta etengabe forma berriak bilatzen ari naiz. Ez dut uste zinema jada asmatua dagoenik, mugimenduan dagoen zerbait da, literaturaren eta gainontzeko arteen antzera.

Zure pelikuletan egunerokotasuna da nagusi: eszena arruntak, plano finkoekin, modu aszeta batean, efektu handirik gabe… Zein da gakoa egunerokotasun hori islatzeko ikuslea aspertu gabe?


Ez dakit batzuetan ez ote dudan ikuslea aspertzen [irribarretsu]. Esango nuke gakoa zera dela: egunerokotasun horren azpian beti tentsio puntu bat dago, bai eszenan bertan eta baita istorioaren egitura dramatikoan ere. Tentsio horrek, zerbait gertatuko denaren promes horrek ikuslearen arreta bereganatzen du. Horrez gain, eszena bakoitzean barne gatazkaren bat lantzen dut, gai unibertsalei lotuta: bakardadea, komunikatzeko zailtasuna, presio ekonomikoa…

Errodaje oso parte-hartzaileak dira zureak. Teknikarien, aktoreen eta gainontzekoen iritzia eskatu ohi duzu. Ikuspegi berriak eman ohi dizkizute?


Bai, zinema prozesu luzea da, sorkuntza kolektiboa, eta casting-ean pertsonalitate interesgarriak aurkitzen ditudan moduan, teknikarien artean ere teknikatik harago bilatzen dut, ideiak proposatuko dituzten pertsonak, ikuspegi desberdinak. Ideia horiek hartzen ditut, iritziak, eztabaidak… eta gero erabakiak nik hartzen ditut.

Egindako bi pelikulek sari bana jaso dute, eta hirugarrena Zinemaldian lehiatuko da. Gutxiengo batentzako filmak izatetik publiko orokorrarengana iristeko garaia da?


Gustatuko litzaidake [irribarretsu]. Zinemaz dudan ideia da ikusleari nolabaiteko ahalegina eskatzen duten estimulu intelektual eta emozionalak eskaintzea, forma berritzaileak erabiliz. Badakit horrek a priori gutxiengoa den eremu batean uzten nauela, naturala da gizartearen gehiengoak entretenimendu arinagoa bilatzea, baina nire zinemaren bokazioa ere bada geroz eta ikusle gehiago erakartzea, mezuaren sakontasunari eta formaren erradikaltasunari uko egin gabe. Ona da zinemarentzat ere “jaialdietako zinema” deitzen dena hedatzea.


“Jaialdietako zinema”? Zurea ez al da autore-zinema?


Bai, baina egun mundu guztiak dio autore dela eta ondorioz autore-zinema kontzeptua indargabetu egin da. Horregatik jaio da jaialdietako zinema etiketa, desberdintzeko.


Baina etiketa horrekin ez al dago arriskua zinema jakin bat jaialdietara baino ez bideratzeko?


Bai, baina jaialdien zirkuituan interesa duten pelikulek irteera komertzialerako interesa ere izan ohi dute nazioartean, herrialde askotan saltzen dira, nahiz eta gutxiengo bati zuzendu. Adibidez, La Soledad pelikulak 120.000 ikusle bildu zituen Espainian eta beste 40.000 Frantzian, jada 160.000 dira, eta agian erdi-mailako film espainiar batek 200.000 ikusle lortuko ditu estatuan baina besterik ez, ez duelako interesik muga horietatik kanpo.


Jaialdietako zinema horren baitan, nola definituko zenuke zuk egiten duzuna?


Kontzientziazio zinema da; helburua da herritarra kontzienteago izatea inguruan dituen arazoez. Baina ikuslea manipulatu gabe edo ideologiarik helarazi gabe, nirea ez da 60-70eko hamarkadetako zinema militante hura. Nire zinemaren helburua da ikuslearen adimena estimulatzea inteligenteagoa izan dadin, gizartean konponbideak bilatzeko garaian parte-hartzaileagoa izan dadin baina bere subjektibotasunetik, ideologia jakin batera bultzatu gabe. Ez dut moralik sartzen nire pelikuletan, errealitatea errespetatuz norberak bere ondorioak atera ditzala.


Eta errealitate hori islatzeko, dokumentalista, behatzaile… Nola ikusten duzu zure burua?


Behatzaile eta sortzailetzat dut nire burua. Ez naiz dokumentalista, fikzioaren eremuan egiten dudalako lan, eta fikzioak izugarri espresiboa den zerbait dauka, manipulazio horretan kontzientzia oso modu berezian sartzen delako, baina errealitatea behatuz sor daiteke.

Atentatu bat gertatzen da La Soledad filmean eta Tiro bat buruan honetan bete-betean jorratu duzu euskal gatazka. Gaia zineman orokorrean modu nahiko artifizialean jorratu dela iruditzen zait, baina zure estilo errealistagoa ezagututa beste ikuspegi bat emango al duzu?


Capbretoneko gertakizuna egunkarian irakurri nuenean jaio zen pelikula hau. Gertakizun horrek ez du, nik dakidala, herrialde honetako demokraziaren eta ETAren historian jazotako ezeren antzik. Horrek funtzionamenduan jarri ninduen eta etikaren ikuspegitik pelikula bat egitearen beharra sentitu nuen, filmaren bidez gauden egoera ideologikoa askatzen laguntzeko beharra.

Ez da erronka makala!


Ez, gizartea aldatzea gustatuko litzaidakeelako, nahiz eta ziurrenik ez dudan lortuko. Baina egoera politikoan nolabaiteko mugimendu txiki bat lortzen badut ondo egongo da.

Zinemak mundua alda dezake, ala?


Aro berri batean sartzen ari garela uste dut eta aro berri honetan, mundua aldatuko duena beste une batzuetan mundua aldatzen zuenaren desberdina izango da. Garai batean pertsona bakar batek mundua alda zezakeen (Napoleon, Hitler, Gandhi…); hori zaila ikusten dut orain, ez dago lidergo hain indartsurik, eta iruditzen zait aro berri honetan interrelazioak estuagoak izango direla eta kate-erreakzioak indartsuagoak: elementu txiki batek beste indar batzuk gehitu ditzake. Film batek berak bakarrik ez du mundua aldatuko, baina indarrak gehitu ditzake eta nik nirearekin kate-erreakzio hori sortu nahi dut; horrek guztiak bai, gizartea, mundua aldatu dezan. Bibrazio txiki bat eragin nahi dut, mugimendu handiagoak aktibatu ditzan.


Eta nola egiten da hori guztia pelikulan moralik sartu gabe, ideologietatik aldenduta?


Euskarria errealitatea da, errealitatea fideltasunez adieraztea. Pertsona arrunta azaltzen dut, afektu arruntekin eta sinpatia eragiten duena. Une jakin batean, beste irteerarik ez duelako ikusten eta biolentzia politiko eta ideologikoz beteriko testuinguru batean, modurik okerrenean jokatzen du: hurkoa hiltzen du. Horrek negatibotasunezko eta itzulera zaileko bide batera darama pertsona, baina ez itzulerarik gabekoa, nire ustez berari ere eragiten diolako halako ekintza izugarria egin izanak. Sektore batek pentsatuko du terrorista munstroa dela eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan. Beste sektore batek pentsatuko du askatzaile miresgarria dela. Baina errealitatean ez bata ez bestea ez dira benetako ikuspegiak eta ikusleak hori onartzen badu eta muturreko ideologia horietatik aldentzen bada, aipaturiko bibrazio txiki hori emango da. Ainguratuta dauden ideologietatik moderaziora jo eta besteen ikuspegira gerturatzeko gauza badira ikusleak, makinaria martxan jarriko du pelikulak.


Moderazioaz, elkar ulertzeaz mintzo zara… eta elkarrizketarik gabeko pelikula egin duzu!


Alde batetik, zinematografikoki oso interesgarria da keinua ikusi eta ez entzutea, keinua irakurtzea, ikuslea oso modu desberdinean parte hartzera behartzen duelako. Bestetik, pelikula honetarako oso egokia iruditu zitzaidan hala egitea, terrorismoaren mundua inguratzen duen sekretismoagatik eta elkarrizketa kontzeptuagatik: aurreko legegintzaldian asko hitz egin zen elkarrizketaren alde eta kontra, eta hitz hori hain kutsatuta geratu zen politikoki eta ideologikoki, bere esanahia galdu egin zuela. Hitza ustelduta dago eta metaforikoki garrantzitsua iruditu zitzaidan nire filmean, soinuduna izaki, elkarrizketarik ez egotea. Gatazka hau konpontzeko deuseztatu eta ordezkatu beharreko hitzak daude.


Zure beste pelikuletan badaude elkarrizketak, baina isiltasunarekin asko jokatzen da. Isiltasunak deseroso sentiarazten al gaitu?


Isiltasuna gizakiaren gauza oso espresiboa da. Bizitzan batzuetan hitz egiten ari gara, beste batzuetan isiltasunean, bestetan ez dakigu zer esan... Isiltasun deserosoak izan daitezke edo oso atseginak. Pelikula honetan, adibidez, ez da elkarrizketarik entzuten, baina ez da gauza bera hitz egiten ari den arren entzuten ez dugun pertsona eta isiltasunean dagoena. Gizakiak animalia sozialak gara eta hitza daukagu ezaugarri garrantzitsu; baina hitza garrantzitsua da ondo erabiliz gero. Gaizki erabilita, denean bezala, oso gauza kaltegarriak egin daitezke. Isiltasuna heriotza bezalakoa da, oso humanoa, eta liluratu egiten nau.


Filmak Donostian zein harrera izango duela uste duzu?


Estreinatzeko leku aproposena da, hor aurki baitezake behar duen lehen bultzada, eta harrera ona izango duela uste dut, lagundu dezakeen pelikula delako eta lagundu dezakeen zerbaitek harrera ona izan beharko luke.

Bukatzeko, zer esango zenioke elkarrizketa irakurri ostean gutxiengoari zuzendutako film intelektualak egiten dituzula pentsa lezakeenari?


Ezetz, ezetz… Film honekin adibidez, ikusi ez duenarentzat elkarrizketarik ez izateak traba suposa badezake ere, lehenengo hamabost minutuak gaindituta harrapatu egiten zaituela eta oso eroso jarrai daitekeela esan didate ikusi dutenek. Erraz ulertzen da eta ez da aspergarria, tentsio puntu hori duelako. Nire zinema oso eramangarria dela esango nioke, gauza ezagunez hitz egiten duena, baina hori bai, ez da ihesbide bat, intelektualki, emozionalki eta espiritualki aberastu nahi duenaren jarrerarekin gerturatu behar da.
Zinemaren etorkizuna
Nik hiru denboratako bilakaera aurreikusten dut. Epe laburrean, merkatua bi norabidetan polarizatuko dela uste dut: produkzio oso handiak –generoko filmak, casting ezagunarekin, baliabide askorekin…– edo txiki, erradikal eta sakonak; erdikoak telebistara zokoratuko dituzte –AEBetan gertatzen ari den moduan–. Bigarren denbora batean, handiak ere desagertuko direla uste dut eta beste medio batzuetara bideratuko direla; are gehiago, zine aretoek hirietatik at funtzionatzeri utziko diote. Azkenik, epe luzean zine aretoak desagertu eta zinema museoetara eta telebistara bideratuko da.


Ez da oso etorkizun itxaropentsua…


Zergatik ez? Pintore handien artelanak lehenik elizetan zeuden, ondoren jauregietan, eta egun museoetan eta dirudunen etxe pribatuetan. Gizartea eboluzionatzen doa… Hala sentitzen dut nik, baina auskalo, agian erratuta nago.
Aktore anonimoak
“Naturaltasuna bilatzen dut eta pertsonaia aktorearen ezaugarrietara asko egokitzen dut; errazagoa eta interesgarriagoa iruditzen zait. Pertsona, aktorea nolakoa den sentitzea interesatzen zait, ezaugarri erakargarriak, interesgarriak al dituen, pertsona horren baitan barne tentsioak sortzen dituztenak. Hala, gidoian pertsonaia bat dago marraztua, baina aktorearen ezaugarrietara egokitzeko asko transformatzen dut gero, batzuetan nire ezusterako”.
Biolentzia
“Heriotza interesatzen zait, bizitzaren eta heriotzaren arteko borroka. Batzuetan borroka hori naturala da, lasaia, eta bestetan biolentoa. Biolentoa denean oso deigarria da, heriotza hain gauza ikaragarria bada, beste gizaki bati hori eragitea izugarria baita. Biolentzia gradu desberdinak daude, batzuk onargarriak, baita beharrezkoa den agresibitatea; baina beste batzuk onartezinak dira, eta niretzako misteriotsuak, ez baitut uste gai izango nintzatekeenik… Halere, gizaki orok du hiltzaile bihurtzeko, beste bati bizia kentzeko potentzialtasuna”.