Gontzal Agote
Ibilbidea Iruñeko hainbat tokitatik hasten ahal da; izan ere, Arga ibaia da txangoaren lehen zatiko gida. Urte luzez hiria ibaiari bizkarra emanda bizi izan da, erdi ezkutuan zegoen hesi fisiko eta psikologikoa zen. Azken urteotan, ordea, egoera aldatu egin da: EBtik iritsitako diru laguntzei esker, Arga Ibaiaren Parkea sortu da. Ingurua txukundu, eta oinezko zein txirrindularientzat Iruñean barnako hamaika kilometroko ibilbide polita gelditu da. Urrutiraino ailegatzen da gainera.
Nolanahi ere, Iruñeko bihotzetik abiatuko gara, Gaztelu Plazatik. Hortik Labrit pilotalekura hurbildu eta aldapa behera hartuta bi aukera ditugu Argaren beste aldera egiteko: pasabideak edo Magdalenako zubia.
Lehenak ezagunak dira oso, batez ere Montxo Armendarizen Bihotzaren sekretuak pelikulari esker. Dena den, filmaketatik hona aldatu egin da pasabidea, dagoeneko ez da batetik bestera salto eginez pasatu behar; 2000. urtetik, porlanezko bide sendo eta gris batek seguruago egiten omen du pasatzea. Horien ondoan, dorre elektrikoz inguratuta, Caparrosoko presa eta izen bereko XI. mendeko errota daude.
Bigarren aukera pixka bat beherago dagoen Magdalenako zubia da. Donejakue Bidea egiten dutenen ezinbesteko argazkia da XII. mendeko zubi gotiko hau, hiriko ezagunena.
Edonondik joanda leku berera ailegatuko gara, arestian aipatutako Arga Ibaiaren Parkera. Hori izanen da hurrengo kilometroetan jarraitu beharreko xenda. Ezagutzen ez duenarentzat berehala ezuste atsegina sortuko da, hirigunetik ondo-ondoan egon arren, Iruñeko azken landa eremuan sartuko baikara berehala. Arga ibaiaren bazterrean Magdalenako baratzeak daude, ibaiak bere gora-beherekin ontzen dituena. Baratze handi eta zabalak, hiriko barazkirik onenak bertan erosten ahal dira. Ez hori bakarrik, zaldiak ere ikusiko ditugu txangoaren lehen zati horretan, lasai askoan eguzkitan, Iruñeko katedrala atzean dutela.
Burlatara eramanen gaitu galbiderik ez duen bideak; bertako igerilekuak alde batera utzita, Atarrabiako bazter batetik pasako gara. Bidetik oso gertu herriko batana dago, duela gutxi eraberritu duten eraikin interesgarria.
Bidea laua da, batere oztoporik gabea, eta Iruñetik urrundu ahala gero eta usuago agertuko dira han eta hemen, perretxikoak bailiran, etxe saldo eraiki berriak.
Uharteko sarreran dauden baratze txikiak zeharkatuko ditu bideak, eta azken urteotan izugarri handitu den herri horri buelta osoa emanen dio. Bidetik duela urtebete martxan jarri duten Arte Garaikideko Zentroaren eraikin iluna ikusten ahal da.
Uharteri buelta eman ondoren, herriaren beste aldera ailegatu eta hasieratik segitutako bideari agur esango diogu. Han ibilbideak duen errepide bakarra zeharkatu behar dugu, tentu handiz, ondoan dagoen merkataritza gunerako autoen joan-etorria handia baita. Beste aldean dagoen Urbi bidea hartuta, arazorik gabe segituko dugu asfaltatu gabeko pista zabala. Bide horretan ederki ikusten da azken urteotako triskantza: duplex itsusiak basamortu baten erdian, txatartegiaren ondoan.
Aurrerago beste zalditegi bat: bada bertan zaldiz ibiltzeko aukera. Baina gu temati, artearen bidetik. Kilometro bat aurrerago bidegurutze batera ailegatuko gara. Argi ikusten da Altzuza non den, museo laranja-arreak atentzioa ematen du. Bidegurutzean errepide zaharra dago. Ezkerretara eta gora egiten du, berriaren ondo-ondotik, baina autorik gabe.
Ordu laurdeneko igoera txikia da, ongi merezi duena: ez bakarrik Oteiza museoagatik; herria Iruñerri osoa ikusteko talaia paregabea da. Ez gara museoan geldituko, goiko aldean dagoen eliza da paisaiarekin disfrutatzeko lekurik onena. Eta inguruan arakatuta, Jorge Oteiza eta Itziar Carreñoren hilobi elkartuak topatuko ditugu.