argia.eus
INPRIMATU
Fini esperimentuena!
Castillo Suárez @casti_suarez 2013ko maiatzaren 02a
Castillo Suarez
Esperimentuen garaia bukatu da. Soziologoek berreraikitako familiak deitzen dituzte gutxienez seme-alaba bat elkarrekin izan ez duten bikoteek osatzen dituztenak, alegia bikotekide batek edo biek aurretik seme-alabaren bat edo gehiago dituztenean sortzen diren familia berriak. Horietako batzuk asteburuetan edota oporretan bakarrik elkartzen dira. Oporraldi batetik bestera alda litezke kideak, gainera, familiak –betikoak ala berreraikitakoak izan– etengabe aldatzen eta egiten-desegiten ari baitira. Oporraldiak maiz izaten dira esperimentu bat ohituak ez gauden familiako kideekin elkarbizitzera behartuak gaudelako. Areago, berreraikitako familia askorentzat elkarbizitza lehendabiziko aldiz frogatzeko garaia da; esperimentu bikoitza, beraz. Denok dakigu, gainera, zeinen erraz azaleratzen diren kontrako sentimenduak hautatu ez ditugunekin egun batzuk pasatzera behartzen gaituztenean... Baina bukatu dira oporrak. Amaitu da esperimentuen garaia. Dagoeneko ez dugu denborarik elkarbizitzarako. Gure bizimodua agian ez da zuzenbidean beharko lukeena edo nahiko genukeena, baina, hein batean, oporretan baino “erosoagoa” da. Eramangarriagoa.