Egungo gizaki galduaren inguruko hausnarketa da Juan Izuzkiza bergararraren Paranoiaren hozberoa (Nintendorena) saiakera. Iazko Juan Zelaia lehiaketan irabazle izan zen, epaimahaiaren iritziz “egungo mundu mailako egoerari buruzko azterketa-begirada kritikoa, jakinduriaz, freskotasun eta ironiaz manera aski ausart eta originalean garatzen duelako”. Egilearen ustez, saiakera “oso ortodoxoa” ez denez, filosofian interes pixka bat duen edonori interesgarria gerta dakioke. Saioaren aurreneko sei kapituluetan gizakiak, lehengo gizaki haiexek bezalaxe, zoriontasuna lortu nahian jarraitzen duela dio egileak; ondorengo kapituluetan berriz, mitoen inguruko hausnarketari heldu dio Juan Izuzkizak.