“Jende asko gabiltza komunikazioan murgilduta, baina jardun soilak ez digu inongo hobekuntzarik ekartzen. Aldian-aldian, prestatu duzunak ea funtzionatu duen aztertu behar duzu, egindako lanaz autogogoetatu, alegia” diosku Joxerra Garziak. Eta
Jendaurrean Hizlari liburua hizpide hauxe esan ere: “Komunikazioa baso bat da, baina berean ez dago alor bakarra. Ondo ibili nahi baduzu, basoa eta alorrak ondo ezagutu behar dituzu. Liburua baso horretan ibiltzearen ondorioa da, ehunka ikastaroren ondorioa. Komunikazioaren arau nagusiak zertzeko saioa da. Komunikazioan ere komeni da mapa baten jabe izatea, alorrean alorreko gauzak lantzeko. Neroni sistema bat eraikitzera heldu naiz nolabait. Komunikazioa erruz ikertzen ari da, baina bakoitza punta batean”.
Liburuaren eskaintza Imanol Lazkanori eta Aristotelesi egin diezu, biak maila berean ipiniz edo.
Biak elkarren ondoan jartzea
gamberrada da beharbada. Komunikazioan bi ezaugarri behar dira halere: bat, Imanol Lazkanoren kasua da. Baso edo sistema honetara iritsi baino lehen ez baduzu aurrez komunikazioarekiko lilura sentitu, ez zara inora iritsiko. Imanol Lazkanok inork gutxik bezala bizi du hitzaren gozamena, komunikatzaile ikaragarria da ahoz. Bertso munduan hasi nintzen bertsoak baino gehiago bere koadrilakoen hitzek izugarri liluratzen nindutelako, hitza dibertimentua da nagusiki haientzat. Hitzen lilurarik gabe ez nintzen inora iritsiko. Baina, kontuz, lilura hutsak ez zaitu beteko ere, edo ni ez nau asetzen behintzat. Beraz, liluratzen zaituen arte horren klabeak deskubritzeko, ikasi behar duzu. Bide horretan Aristotelesen sistema ikaragarri ona da, jardunari berari begira erabat egina dagoelako. Geroztiko adituak beren teoriak errealitatera moldatzera mugatu ziren. Aristoteles aldiz, garaiko sofistei –erretoreei edota hitzez ondo moldatzen zirenei– begira bizi zen eta haien prozesua modu argigarrian azaltzen saiatu zen. Baina ei! Ez ipini Aristoteles eta biok maila berean (kar, kar, kar).
Juan Mari Lekuona ere gogoan duzu liburuan. Aurreko bien sintesia balitz bezala edo.
Ez nau asetzen lilura hutsak ezta teoria hutsak ere. Komunikazioaren esplikazioa da gehien motibatzen nauena, baina askotan esplikazioa teoria hutsean erortzen da. Esplikazioa esplikatzen duen esplikazioak ez du batere lilurarik, ez du inor asetzen. Ez dut uste zientifikotasuna galtzen denik zure argibide zientifiko hori era berean liluragarria bada. Horretan Juan Mari Lekuona maisu handia izan zen. Bere hitzaldiak zientifikoak eta goxoak ziren aldi berean.
Etor gaitezen basoaren gure alorrera. ARGIAko iritzi saileko Txandan delakoa idazten duzu bi hilabetean behin. Behin jarduna deserosoa egiten zitzaizula adierazi zenidan.
ARGIAn nire deserosotasuna artikuluaren entrega aldian aldikoa izatetik dator, besteak beste. Alegia, abisua jaso eta artikulua entregatzen dudanean ez dakit juxtu noiz aterako den. Demagun,
Berrian balitz, badakizu hamarretik bederatzik egun horretan irakurriko dutela, orduan eguna bera balia dezakezu. Ez da ARGIAko kasua. Hori ez baduzu ondo kudeatzen, asko jakinda ere, ez zara komunikatzaile ona.
Komunikazioa denbora eta espazioaren menpe dago, areago gaur egun.
Orain gutxi, ikastaroa eman dugu denbora jakin baten barruan sortzearen inguruan: Andoni Egaña, Xabi Paya eta Kike Amonarriz tarteko. Liburuan agertzen ez den definizio hau egin dut: “Komunikazioan aditua eta komunikatzaile ona ez da pieza bikainak sortzen dakiena, egoera komunikatiboaren aztertzaile ona baizik”. Komunikazioa zuk dakizuna baliatzea da egoera jakin batean zerbait lortzeko. Hau da: laguntza emateko, jendea entretenitzeko edo nahi duzunerako. Beraz, ez da bakarrik zure jakintza nola egituratzen duzun, aldian aldiko pieza nola egokitzen duzun baizik.
Amets Arzallus bertsolaria eta kazetaria hizpide. Komunikatzeko duen ahalmena agertu du, Argian bereziki agertu ere. Laudorioak jaso ditu. Galdera da: kazetaritza alorrean zer da komunikazio zuzena, zer egokia? Zer iritzi duzu Arzallusek ekarritako estiloaz?
Hasteko, Ametsek bere kazetari lanetan gehiago baliatzen du bertsolaritzan landutako oinarrizko sistema, Kazetaritza Fakultatean ikasi duena baino. Bestalde, ezin da orokorrean hitz egin, hemen ere generoaren araberako kalkulua egin behar da. Aspaldi esan nituen hitz zenbaitekin pixka bat damututa nago –nahiz eta Pako Aristik esaten duenez ez da sekula bere garaian esandakoaz damutu behar–. ARGIAren lekuaz jardun nuen eta astekaria izanda, hauxe esan ere: “Batetik EITB duzu, bere alor eta tresna guztiekin. Bestetik
Berria. Biek, egungo teknologien bitartez, sakontasunerako bidea landu dezakete. Non dago ARGIAko lekua? Bada, testuinguru horretan Ametsek ARGIAn egindako lanak oso egokiak iruditu zaizkit. Hori da kazetaritza eredu bakarra? Ez. Beharbada berria emateko ez da egokia, baina ARGIAn une honetan freskura eta ez ohiko estilo bat ekarri ditu, eta ez kasualitatez, berak bilatua baizik. Nik ez nuke esango hori eredua denik, baina niretzat oso egokia izan da. Bere unean eta testuinguruan Amets Arzallusek asmatu estiloa da. Gauza interesgarriak lantzeaz gain estilo propioa ikusi dut Ametsenean. Ez da absolutizatu behar ere, baina bai txalotu. Kontua da kazetari bakoitzak norabide horretan –edo kontrakoan– bere ekarpenak egitea. Horrelakorik gabe astekari batek oso egoera zaila dauka.
Gaiaz harago, argudioak bilatu, antolatu eta aritu eta aritu behar dela, alegia.
Baina aritzeak berak ez du ezer ziurtatzen, aritu ahala auto-gogoeta egin behar duzu. Aritu bai, baina mapa orokor baten barruan. Eta gaizki ateratzen denean gaizki ateratzearen gakoa zein den bilatu, oztopoa non dagoen aurkitu. Edo alderantziz, ondo ateratzen denean, ez geratu kontent, zeren eta beharbada kasualitatez atera zaizu ondo. Ondo izanaren klabea ere aztertu behar duzu, baliteke horren ondo kalkulatu ez duzun horrek indarra eman izana zure jardunari, eta hurrengoan, ez kasualitatez, elementu hori propio sartuko duzu jardunean.
Komunikazioa artifizioa da. Nik dudan esperientziagatik diot. Orain egiten ari garen elkarrizketan noraino eraman daiteke artifizioa, egiari edo errealitateari zor? Noraino hartu daitezke arriskuak?
Komunikatzea gauzak diren bezala jarri behar dela pentsatzea bai dela arriskutsua. Komunikazioa jardun naturala dela pentsatzeak arrisku handiagoak ekartzen ditu alderantziz baino. Adibidez, Telebistako esatari horrek “Así han sido eta así se las hemos contado” esatea bai dela arriskutsua. Nik jendearen gogoa bideratzeko teknika azaldu dut liburuan. Noski –alde etikoa norberaren esku geratzen da– hemen esaten ari garena fonetikoki transkribatua ematen baduzu, inork ez du tragatuko, non ez den lan etnografiko baterako. Baina hori ez da komunikazioa, hori zientzia da. Elkarrizketak ez du nik esateko daukadanera bideratua izan behar, hori liburuan dago. Xedea ez da hi ez ni, Argia irakurriko duena baizik. Natural jartzen badiogu, orain ari garen bezala, kaka jarriko diogu. Gure egoera berez ez da naturala. Kazetariak zerbait egoki egin nahi badu, zerbait artifiziala egin behar du nahitaez, artifizialtasuna erantzukizunez asumitu behar du, noski.
Koldo Izagirre hizpide hartuta. Zer iruditzen iritzi artikuluetan darabilen eredua?
Amets Arzallusi buruz esan dudana esango dut Izagirreri buruz. Ez dakit zer pentsatuko nukeen Koldok eguneko berrien erredakzioa egingo balu, baina
Berriako iritzietan, esaterako, bere estiloa lantzen du. Koldo daukagun idazle onenetako bat da. Txuri-beltzezko mundu horretan konplexutasunez josiak ematen ditu bere mezuak, errealitatea konplexua baita. Konplexutasun hori kontuan hartu behar dugu berak euskara menperatzen duen maila izugarriaren barruan, eta kapaza delako bere pentsamenduaren konplexutasunaren araberako narrazioak egiteko. Beraz, zer? Koldo ezinbestekoa da. Nik gozatu ederra hartzen dut xehe-xehe emandako estilo horretatik ateratzen den jendea dagoelako. Beste batzuekin aspertu egiten naiz, berena errazegi emana delako. Baina hori nire arazoa da. Estilo guztiak behar ditugu, horrek aberasten du komunikazioa.
Liburuan esaera zaharrak ipini dituzu komunikazioa lantzeko baliabide bezala. Hona nik gogoan dudan beste bat: “Donostian ere zakurrak oinutsik”. Donostian baina txakurrak zapatak jantzita ikusi ditugu aspaldi.
Alegia, denborak esaerak, esloganak eta ideiak gainditzen ditu. Esaera zaharrak sortu ziren garaikoak dira. Nire susmoa da, zoritxarrez, ez dela egungo esaerarik sortzen: “Macintoshen ere birusak pil-pilean” esaterako. Esaera zaharrek mendez mende iraun dute ahoz aho; beraz, ez ideien aldetik soilik, baizik formulazioaren aldetik ere, komunikazio eraginkorraren klabeak hor daude. Tristura sortzen dit “esaera zaharrak miretsi egiten direla” entzuteak. Eskandalugarria da, berriz, publizitate karreran zein gutxi lantzen den kreatibitatea. Erdarazko eslogana sortutakoan euskaraz nola formulatu behar den galdetzen dute. Klabea esaera zaharretan dago, besteak beste. Dugun altxorra luxua da eta ez baliatzea utzikeria.
Irudimena hizpide: “Egoki kudeatutako oroimena besterik ez da irudimena” diozu liburuan.
Memoria kanpotik ezer hartu gabe daukazun almazena da. Berau zenbat eta kargatuago eta egituratuagoa egon errazago osatuko duzu jarduna. Gure hezkuntza oroimena lantzera oso mugatua izan zen, gure txarrerako. Nago ez ote garen beste muturrera joan, ordea. Hizkuntza kontutan argi daukat: hiru urteko ume batek ulertzen ez duen kantu pila bat buruz ikastea onuragarria da. Buruan sartu ditu eta geroan etorriko zaizkio gogora. Formulazioa egitean, ikasi zuenean ulertzen ez zuenak zabalduko dio komunikatzeko bidea orain.
Liburua didaktikoa da, baina bizia eta ironikoa aldi berean.
Alegia, almazena kargatua eta ondo egituratua izatea ez da nahikoa. Jose Antonio Marina adituak dioenez komunikazioaren jarduna jarrera bat da. Adibidez, adineko pertsona baten jardunak zirrara sortu dizu. Bere jarduera zure memorian sartu duzu, postit eta guzti. Edo pelikula bat ikusi duzu eta bere narrazioa edo formulazioa bitxia atzeman. Sartu horiek memorian. Agian ez dituzu inoiz erabiliko edo igoal ARGIAko artikulua idazten ari zarela, argudioak dauzkazu baina ez dakizu nola formulatu. Zaharrak esana edo pelikula hartan erabilitakoa dituzu gogoan eta erabil ditzakezu. Alegia, ez baduzu ezer gogoan nekez ariko zara. Buruan asko edukita, ez duzu erraz sortuko ere. Pentsa!