argia.eus
INPRIMATU
Bahea
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2008ko irailaren 02a

Arantxa Etxabarri abokatuak EAEko hizkuntza politikaz idatzi du www.boltxe.info webgunean. “Zortzi uste oker euskararen normalizazioaz” du izena artikuluak: "Kontzeptu batek baino ezin du definitu hizkuntza politika: hizkuntz eskubideak. Hankasartzea da euskararen normalizazioa adostasunarekin eta borondatearekin lotzea. Badakit esan dudana politikoki ez dela zuzena, baina horrela da. Araudi zehatzik gabe Elebidek ere ez dizkigu bermatzen eskubideak, eta horrelaxe dabil. Politika egokia lortzeko ezinbestekoa da araua eta diru-laguntza orekatzea.

Euskararen gaur egungo arazoa da dakitenek ez dutela hitz egiten. Mezu horrekin bondardatzen gaituzte. Instantzia guztietatik eskatzen zaio euskal hiztunari euskaraz egiteko, eta azpimarratzen da, orain bereziki irmo, euskararen egoeraren erantzule, neurri handi batean, euskaldunen utzikeria dela. Alabaina, Behatokiak milaka adibide jaso ditu urtetan eta duela gutxitik Elebidek ere bai (hizkuntz eskubideak “bermatzeko” erakunde ofiziala); euskara egin nahi eta ezin duten herritarren kexak jaso dituzte. Agerikoa da hizkuntza erabiltzeko aukerak oso lotuta daudela hiztun kopuruarekin, hau da, zenbat eta hiztun gehiago orduan eta hitz egiteko aukera gehiago. Bada, erabilera datuek sinetsi nahi digutenaren kontrakoa adierazten dute: euskal hiztunak aukera daukanean euskaraz egiten du.

Esan ditzagun gauzak diren bezala: euskara dakitenen kopuruak nabarmen gora egiten ez badu bidegabea eta ez-morala da euskararen egoeraren errudun jotzea euskal hiztunak".