Neure burbuila seguruan

  • Herri eta hirien modernizazioarekin batera, bizitza estiloen aldaketa etorri da. Masibotasunerantz jo dute hirigune gehienek, eta kontraesana bada ere, horrek auzokideen arteko urruntzea eragin du. Gizarte loturak ahultzen joan ahala, segurtasun faltaren sentsazioa areagotu da, eta segurtasun sistema pribatuen eskaria hazi.
Segurtasun sistemak etxeetan
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
“Euskal Herria nahiko toki lasaia da, baina gero eta lapurreta gehiago dago”, horrela azaltzen du Securitas Directeko Joseba Goikoetxeak segurtasun sistema pribatuen eskariaren igoera. Goikoetxea multinazional suediarraren Hego Euskal Herriko gerentea da eta 2006tik 2007ra hazkunde nabarmena izan zuen bere enpresak euskal lurraldeetan: EAEn %30eko igoera eta Nafarroan %39koa.
 
Eskarien gorakada hau, alabaina, ez dator bat etxe-lapurretek duten eragin apurrarekin. Ertzaintzaren datuen arabera, EAEn 2006tik 2007ra %3,5 jaitsi zen etxe-lapurreta kopurua. Nafarroan, ostera, igo egin zen kopuru hori, baina Foruzaingoaren hitzetan, ez dute arazo larririk. “Normala da arazo larririk ez izatea”, iritzi dio César Manzanosek, EHUko soziologia doktoreak: “Hego Euskal Herriak Espainiako Estatuan BPG altuenetarikoa dute. Eta gizarte batek zenbat eta lotura sozio-ekonomiko sendoagoak izan, orduan eta medio gehiago izango ditu gizarte-politiketan inbertitzeko, kolektibo marjinalak lagunduz, eta ondorioz, eguneroko delinkuentzia gutxituz”.
 
EAEn, 4.064 lapurreta kasu tramitatu zituzten 2007an, eta Nafarroan 256 baino ez. EAEko populazioa Nafarroakoa baino lau aldiz handiagoa izanik, estatistikoki aldea ez da hain handia, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoak datu kaskarragoak izaten jarraitzen duen. Segurtasun sistemen eskariaren hazkundea ahoz aho zabaltzen diren zurrumurruen ondorio direla iritzi dio Ertzaintzak, askotan hedabideek zabaldutako segurtasun ezaren irudiaren eraginez.
 
Duela urte batzuk, udan eta oporraldietan gertatu ohi ziren etxe-lapurreta gehienak, “jabeak ez zeudelako etxean”, Ertzaintzako espezialistaren hitzetan; “gaur egun, ostera, hau ez da hain argia, oporrak hartzeko ohiturak aldatzen ari direlako”. Gizartearen ohitura aldaketak segurtasun enpresen zenbakietan ere antzematen dira. Orain urte batzuk dezente egiten zuen gora segurtasun sistemen eskariak udan eta Aste Santuan, baina egun, nahiz eta hazkundea ere badagoen, ez da hain nabaria. Joseba Goikoetxeak garai desberdinen arteko aldearen desagertzea ez dio oporraldien antolaketa berriari egozten, jendearen “uneoroko” segurtasun beharrari baizik.
 
“Gizarteak duen segurtasun faltaren sentsazioa fabrikatua dago” adierazi du César Manzanosek irmo: “Pertzepzio hau segurtasun enpresen interesekin dago guztiz lotuta. Gizarteak dituen segurtasun falta errealak –hipoteka, bankuko kreditua, hilabete amaierara heltzea...–, biolentzia sufritzeko duen aukera hipotetikoarengatik ordezkatzen du, telebistak saltzen duen errealitate distortsionatuaren ondorioz”.
 
Lapurreta guztiak ez dira berdinak. Badaude, alde batetik, delinkuente arruntak; droga lortzeko edonon sartzen direnak, aurkitzen duten edozer gauza lapurtzeko. Eta beste alde batetik, profesionalak daude; horiek taldeka egin ohi dute lan eta ondo zehaztutako zereginak dituzte. Polizia bat dator: Euskal Herrian bigarren mota horretako adibideak urriak dira. Halere, poliziako adituak beti dabiltza erne, taldeka lan egiten duten lapurretariko askok formazio militarra izan ohi dutelako. Mikel Santamaría Foruzaingoko inspektore-ordearen hitzetan, horiek badakite alarma bat zelan blokeatu, ez dute arrastorik uzten eta zailak izaten dira harrapatzen, kideak izaten dituztelako zaintza lanetan. Antolatutako banda horiek aurretik prestatzen dituzte lapurretak, eta badakite non eta noiz ostuko duten.
 
Kantitate aldetik bakarrik ez, lapurreta moduak ere ez dira beste leku batzuetan bezain bortitzak, Santamaríaren iritziz: “José Luis Morenok sufritu zuen lapurreta bortitzaren modukorik ez da hemen gertatu, eta ez du ematen epe laburrera hona helduko denik biolentzia olde hori. Logikoena da banda horiek hiri handietan ezkutatzea, erosoago lan egin ahal izateko”.

Pre-alarma etxe inguruan

Alarma instalatzen dutenek, gaur egunean, ez dute ondasunak babestearren instalatzen, etxekoak babestearren baizik. “Jendea konturatzen da lotan dagoenean etxera baten bat sartzen bada senideak arriskuan egon litezkeela” azaltzen du Goikoetxeak. “Lehen, etxeko kisketa zarratuta nahikoa zen, baina gaur egun lapurrek edozer gauza egiten dute etxera sartzeko, atea botatzera hel daitezke. Guk, pre-alarma sistemaren bidez, sentsoreak jartzen ditugu etxe inguruan, inor etxera hurbiltzen denean zenbait irudi hartzeko eta horrela jakiteko bezeroa arriskuan dagoen ala ez”.
 
Psikosi puntua antzematen zaie Goikoetxearen hitzei, hedabideek zabaltzen duten gizartearen irudi ilunaren ondorio, agian. “Egia da telebistak José Luis Morenoren albiste modukoak zabaltzen dituenean psikosia pizten dela, baina arazoa da horrelako gauzak gertatu egiten direla. Gero eta delinkuentzia handiagoa duen gizartea sortzen ari gara, eta horrek kezkatzen du jendea. Pisu batean bizi bazara, jo egizu sarrerako atea ostikoka gaueko hamabietan, eta ikusiko duzu nola ez den inor ateratzen laguntzera. Auzokideek gero eta gutxiago ezagutzen dute elkar; gero eta gutxiago laguntzen diote elkarri. Gero eta gizarte hotzagoa sortzen ari gara, indibidualistagoa, eta jendeak segurtasun sentsazioa bilatzen du. Hor sartzen da alarma”.
 
Baieztapen muturrekoak dira Goikoetxearenak, segurtasunaren negozioan diharduen batenak. Herri arriskutsuak beraientzat negozioa izateak lehia morala dakarkien galdetuta, arazo erreal bati irtenbideak jarri baino ez dutela egiten erantzun du. César Manzanosek, hala ere, gogor kritikatu du segurtasun enpresen jarrera: “Segurtasunaren industriak jo eta ke egiten du lan segurtasun faltaren sentsazioa herritarrei helarazteko. Segurtasun sistema elektronikoak, blindatutako ateak, alarmak... Zeure burbuila segurua eraikitzeko ezinbestekoak dituzun erremintak dira! Eta hau guztia saldu ahal izateko, beldur giroa eta etsai argi bat egon behar da: biolentzia darabilen lapurra. Segurtasun ezaren sentsazio fabrikatu hori ez dator bat errealitatearekin, ezta poliziaren datuekin ere. Mundu arriskutsu hori da telebistak zabaltzen duena; azken batean, biolentzia geuk sufritu ahal izateak, eta horri oldarkorki erantzuteak asko saltzen du telebistan. Eta zeinek dauka telebistako minutuak erosteko ahalmena? Bada, izugarrizko indarra duen segurtasunaren industriak”.
"Paranoia moduko zerbait zabaltzen ari da lapurretekin"
Laukizeko (Bizkaia) bizitegi-auzo batean dauka txaleta Y.C.E. abokatu gazteak; herri bereko baserrian bizi da J.A.E. teknikaria; eta Algortako (Bizkaia) pisu batetan bizi da P.E.A. masajista jubilatua.

Alarma jartzearen edo ez jartzearen zergatia?


J.A.E
.: Nire etxera 2005ean sartu ziren lapurtzera. Den-dena zabaldu, lurretik bota eta baliozko zenbait gauza eraman zituzten. Gu ez geunden etxean, baina sustoa ikaragarria izan zen, eta alarma jarri genuen.
 
Y.C.E
.: Neure etxera ez dira inoiz sartu, baina familia bakarreko etxeetara sartzea, etxe normal batera sartzea baino askoz ere errazagoa da. Alarmak lapurra izutzea baino ez du helburu.
 
P.E.A
.: Nik alarmarik ez daukat eta etxera ez zaizkit inoiz sartu. Egia da txaletean sartzea errazagoa dela, baina egia da ere paranoia moduko zerbait zabaltzen ari dela lapurretekin; eta ez da hainbesterako.


Gaur egun lehen baino lapurreta gehiago daudela uste duzue?


J.A.E.: Gehiago daudenik ez nuke esango, lehen ere hor egoten ziren, baina behin sufrituta hurbilagoko kontutzat daukazu.
 
Y.C.E.
: Ni abokatua naiz, eta epaitegiak lepo daude. Lehen baino lapurreta gehiago dauden? Ba ez dakit, baina argi dagoena da betiko ijitoak ez direla, orain Vladimir ez-dakit-zer eta bere lehengusuak dira gogorren dabiltzanak...
 
P.E.A
.: Beti egon dira lapurretak, eta beti egongo dira. Atzerritarrak direla gehienak? Ba ziur aski bai, baina beharrizan handiagoa dutelako izango da, eta ez beste ezergatik.


Hedabideek alarma lar pizten dutela esango zenukete?


P.E.A.: Erabat. Gauza txarrak baino ez dituzte agertzen, eta hori ahoberoen bazka ezin hobea da. Horrela sortzen dira gero psikosiak... Edozergatik sortzen da psikosia gero.
 
J.A.E.
: Telebistan agertzen dena gizartearengan eragina duela argi dago, baina ez dakit nik lehen baino biolentzia gehiagorik ez dagoen ba...
 
Y.C.E.: Ez da hedabideen errua, kaleko pertsona zenbaitena baizik. Badago jendea segurtasun ezaren kontuarekin obsesioa duena, arrazoi argirik izan barik.

Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude