Eibartar sutsua,
Egunkaria sortzen ibili ostean ziber-mundura pasatu zen eta susmoa dauka inor ez ote doakion atzetik.
Akordatzen zara mundua nolakoa zen Internet gabe?
Pittin bat aspergarriagoa. Mundu iletratuagoa zen, gutxiago idazten genuen (orain e-posta darabilgu). Argazki kamerekin kontu handiz jokatzen genuen, klik egitea dirua gastatzea zelako.
Larousse-a sekulako gauza zela iruditzen zitzaidan. Gutxiengo sexualak isolatuagoak zeuden. ETBn astero zegoen
Mister Bean, eta oso gutxi zen, ze orain Youtuben, nahi duzunean, bost minuturo nahi baduzu, barre egiten duzu Mister Beanekin. Musika “deskargatzeko” c-60 metodoa erabiltzen genuen, eta Discoplayren katalogoak gurtzen genituen. Gazteagoak ginen, tripa txikiagoa genuen.
Independientea da sareko Euskal Herria?
Erdaldunek ulertzen ez duten euskarazko sare eremua badago, baina
Egunkaria goiz batean itxi zuten bezala, eremu hori ere deusezteko aukera izan dezakete Espainiako aginte-taldeek.
Second Life izan liteke gure arazoentzako konponbidea, agian?
Gatazkaren muina han dagoela sinestarazten badiegu batzuei, eta mundu birtual horretan entzerratuko balira beren gerra han jarraitzeko...
Zenbat miloi lagun gabiltza euskal blogosferan?
Milaka milioi. Kike Amonarriz baino ez da falta. Dekalogoa atera zuen, eta puntu bat zen zein inportantea den dena sareratzea, baina, hara zer diren gauzak, beharbada ez du sinesten bere mantra propioan ere. Profeta faltsu gehiago ez!
Nickname desberdineko txakur berberak gara?
Orain ulertzen dut. Zu zinen, beraz, sado-txat hartako BasqueSlaveDog, ezta? Lastima ziberrean geratu eta errealera pasatu ez ginela.
Ingelesen Hilerria da zure bloga. Deliberatuta zaude euskara lehen hizkuntza bilakatzera Interneten?
Ñoñostiako bazter erromantikoa da hilerri hori, Urgull mendian. Euskara lehen hizkuntza da Interneten. Niretzat, alegia, halaxe da. Deliberatuta eta liberatuta sentitzen naiz nire ildo editorial diktatoriala erabakitzeko. Zuk nahi duzuna erantzun dezakezu nire blogean, baina hala nahi badut, borratu egingo ditut zure erantzunak.
Oso atzeratuta omen gabiltza teknologia berrietan. Konpondu beharreko hiru kontu nagusiak?
1. Ez da egia ondo gabiltzala Interneten. Denak sarera orain! Jarrera lotsagabea ezinbestekoa da. Zure bloga ondo dago, Fermin, baina non daude zure katuaren bideoak? Horiek ere behar ditugu.
2. Microsoften lizentziak herri-administrazioetan. Nahikoa da. Ea Patxi Lopezekin... Ez dut esperantza handirik, dena den. Eduki libreak ere behar ditugu, ez bakarrik softwarea.
3. MySpace, Tuenti, Fotolog eta Messengerrean daude gazte guztiak. Ideiarik ere ez horren aurrean zer pentsatu edo egin.
Nor ari da aberasten sareari esker?
Google. Aberastu ez dakit, baina bizimodu duina irabazten asko.
Sareak etorkizunean ekarriko digun txarrena?
Leiho unibertsala da Internet, eta ez dugu berez bitartekaririk behar Altzo eta Vancouver konektatzeko. Baina agian faktikoki, gure esperientzia horretan filtro batzuk ezarriko balizkigu Espainiak edo Euskal Herriko gehiengo erdaldunak... Filtro teknologikoak edo mentalak izan daitezke. Geruza espainol bat itsasten zaigula, euskaldun jokatu dezakegun lekuan. Esparru batzuetan gertatzen ari dela uste dut.