Jakin aldizkariaren 166. zenbakian zientziaren dibulgazioa dute gai nagusitzat. Zientzia Irakurle Ororentzat liburu-bildumak 2007ko ekainaren 14an antolatutako ZIOfestan eman ziren hiru hitzaldi bildu dituzte. Joseba Jauregi psikiatrak arimaren bilaketaren historiaz dihardu aurrenekoan; Ana Zubiaga genetistak geneei eta genomari buruz dakigunaz eta ez dakigunaz hitz egin du; eta Javier Duoandikoetxea matematikaria Zertarako matematika? galderari erantzuna ematen saiatu da. Bestalde, Zientzia Irakurle Ororentzat bildumaren zuzendariek, Juan Garzia eta Itziar Lakak, liburu sail horren zio nagusia zein den adierazi dute; hau da, zientziaz diharduen literatura euskal irakurleari hurbiltzea, zientziaren dibulgazioaren alorrean mundu mailan dagoeneko arrakastatsuak izan diren hainbat idazki euskarara ekartzea.