Aste bukaera bat, edozein festa egun, zubiak edo Aste Santuko oporrak iristen dira eta guraso askoren kezka izan ohi da: zer egin genezake haurrek ondo pasatzeko, etxetik asko urrutiratu gabe? Sua argitaletxeak plazaratu duen Mikel Tellagorriren Guía para realizar planes con niños los días de fiesta izan daiteke irtenbidea. Izan ere, gida honek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoan egiteko moduko 38 plan eskaintzen ditu: gaztelu edota haitzulo miresgarriak barrutik ezagutzeko aukerak; zaldian, trenean, irristailuan edo itsasontzian ibiltzekoak; neska-mutikoek zinean edo telebistan baino ikusi ez dituzten animaliak hurbil ikustekoak; lorategi liluragarrietan galtzekoak; altxorrak aurkitzekoak... Edozein adinetakoentzat dira aukerak.