Goizeko seiak dira Roj TVko estudioan. Aurkezleak eta bere gonbidatuak munduko kurdu guztiak agurtu dituzte: “
Roj bas, Kurdistan” (Egun on, Kurdistan). Horixe da telebista-kate honen eguneroko lehen programaren izena. Eguraldi aurreikuspena pantailan ikusi ondoren, Siriako herri ttipienetik Irango Kermansha hiri erraldoiraino, ikusleen deien txanda ireki da: Mehmet, Diyarbakirretik (Turkia), Txabin, Kamislotik (Siria), Farzan, Sanandajetik (Iran)... Antzeko mezua dute denek: zorionak Roj TVri, eta besarkada bat urruti dagoen lagun edo senide horrentzat. Seiak dira oraindik Bruselan, baina jada zazpiak Turkian eta Sirian, eta ordubete beranduago Iranen eta Iraken. Roj TV urruti dago Kurdistandik.
“Urte ugari eman ditut saio honetako aurkezle, baina berebiziko emozioa sentitzen dut egunero”, dio Hayderrek; Siriako kurdua da bera. “Jende asko urtetan saiatzen da guri deitzen. Garestia da handik deitzea, otordu baten prezioa askotan. Dena den, deika jarraitzen dute goizero, zuzenean sartuko diren itxaropenaz”. Herrixka txiroenetan ere ohikoak dira antena parabolikoak, adobezko etxeen artean gorderik. Izan ere, satelite bidezko emisioa da kurdu gehienentzat euren kultura eta gaurkotasuna gerturatzeko modu bakarra.
Roj Bas Kurdistan saioa bukatu orduko, albisteetako erredakzio taldea elkartu da mahaiaren inguruan. Albisteek pisu gehien hartzen dute emankizunean, eta kurmanjieraz (ipar kurduera), Irak eta Irango dialektoetan, turkieraz eta arabieraz eskainitako saio bereziak daude. Hori gutxi ez, eta farsierazko nahiz siriarrezko programak ere ekoizten dira bertan. “Mesopotamiako kulturen ahotsa” du leloa telebista-kate honek. Egia izan ala ez, ezin ukatu euren ahalegina.
Gaurko gai nagusia alemaniar turisten bahiketa da, Ararat mendiaren inguruan. PKK talde armatuak bere gain hartu du ekintza, “Alemaniako Gobernuak kurduen kontra bideratutako politikari erantzuna emanez”. Joan zen ekainean, Berlinek Roj TV “terrorismoaren laguntzailetzat” jo eta katearen jarduera oro debekatu zituen. Erabakia, hain zuzen, Alemania eta Turkia futbol selekzioak lehiatu ziren egun berean hartu zen: kasualitatea ala ironia hutsa?
Neurri gogorrak zur eta lur utzi zituen herrialde hartan bizi diren ia 800.000 kurduak. Albistegietako aurkezleetako bat den Turgutek garbi du honen atzean zer dagoen: “Turkia merkatu erraldoia da Alemaniarentzat. Interes asko dago jokoan”.
Bakarrak munduan
Albiste eleanitzak baino askoz ere gehiago eskaintzen du Roj TVk. Nusaybingo (Turkia) kurdua da Berfin, kultura ataleko arduradunetako bat. Hego Kurdistandik (Iraketik) etorri berria da, hango herri eta hirietako bizimoduaren inguruan dokumentala egin ondoren. “Telebista gure hezkuntzarako ezinbesteko tresna da, gure eskubidea”, dio neska gazte honek alemanera bikainean. “Oraindik Turkian bizi nintzela ez nekien Siria, Iran edota Iraken ere kurduak zeudenik, edota islama ez den beste erlijio batzuk ere praktikatzen direnik gurean. Edo nirea ez zen kurduerazko beste dialekto batzuk zeudenik… Gure herria ez dugun arren, 40 milioi pertsonez osatutako taldea gara. Telebista kultura transmititzeko tresna bikaina izan daiteke. Ezin duzu herri oso bat telebistarik gabe utzi. Erabat antidemokratikoa da”.
Gaurkotasunaz eta kulturaz gain, giza eskubideen urraketa salatzea da Roj TVren beste lehentasunetako bat. Berfinek joan den martxoko irudi batzuk atera ditu artxibotik. Nekez mantendu daiteke begirada pantailan, hain dira gogorrak hautatutako irudiak. Aurtengo Newrozeko (kurduen urte berria) ospakizunetan hartutakoak dira, Van hirian, zehazki. Turkiar polizia batek ume bat dauka besotik helduta. Halako batean besoa hautsi dio, goranzko mugimendu bortitz batez (irudiak
http://ttiki.com/355 helbidean ikus daitezke).
“Guk baino ez ditugu irudi hauek zabaldu. Eta honen moduko hamaika gehiago daude, tamalez. Gugatik ez balitz, inork ez luke honen berririk izango”, kexu da Berfin, haserre, baina irudi basatiak sortutako emozioa ezkutatu ezinik.
Roj TVko langile gehienak bezala, Berfin Brusela kanpoaldeko Denderleew herri txikian bizi da. “Oso komunitate estua gara: elkarrekin bizi gara, elkarrekin egiten dugu lan… Askotan ahaztu egiten zait etxetik hain urrun gaudela!”.
Bizitza eta lana elkarrekin egin ez ezik, batera ere bazkaltzen dute denek hemen. Ordu batetan, ilara luzea antolatzen da egunero jantokian. Menua nahiko mendebaldarra den arren, kurduen garbantzu zopa, ardi gazta eta olibak beti daude aukeran.
Bahitutako hiru turistek otorduko solasaldia ere bereganatu dute gaur. Kurduera entzuten da gehien, horixe baita bertako
lingua franca. Iran edo Irakeko kurduen artean howramaniera eta soraniera ere entzun daitezke, iparreko kurduek apenas ulertzen dituzten dialektoak. Eta paradoxa bada ere, turkieraz egiten dute askok hemen. Euren hizkuntzan hitz egiteko debekua batetik, eta urtetako erbestea bestetik, ugari dira turkieraz hobe mintzo direnak kurdueraz baino. Bazkalostea tearen inguruan egiten da, jakina. Jarraian, bakoitza bere postura bueltatzen da.
Yves ez da bazkaltzera joan txanda honetan. Mutil valoniar hau bertako makillatzailea da eta Hajer aurkezlea prestatzen ari da buru-belarri. 29 urteko emakumea da Hajer eta turkieraz albisteak irakurtzen ditu egunero. Yvesek bere begiei arreta eskaini bitartean, neskaren iritzia entzun dugu Alemaniak hartutako erabakiaren inguruan: “Herri bat onartzen ez duzunean, harekin hitz egin nahi ez duzunean, ez duzu bere ahotsa entzun nahi. Gu kurduen ahotsa gara, horregatik isilarazi nahi gaituzte”, esan du Hajerrek, begiak ireki gabe.
Hajer Dersim herrian jaio zen, Ipar Kurdistanen (Turkia). Ankarak bereziki zigortu zuen eskualde hura 80 eta 90eko hamarkadetan. Gauzak honela, Dersimek errefuxiatu asko “esportatu” ditu, eta ugariak dira Rojen ere handik iritsitakoak.
Mendi txangoak
Goiko solairuan Sores topatu dugu. Bostekoa luzatu eta bere izenak “iraultza” esan nahi duela jakinarazi digu segituan. Alemanian jaioa da, baina aita kurdua eta ama armeniarra ditu. “Elizan eman nuen denbora gehien txikitan”, aitortu du kazetariak umoretsu. Agian Kurdistandik hain urruti jaio izanak etengabe bidaiatzeko grina sorrarazi dio. Dioenez, urtero bizpahiru hilabete ematen ditu kanpoan, gerlariei buruzko ikus-entzunezko erreportajeak egiten. PKK-k Hego Kurdistanen (Iraken) dituen mendiko kanpamentuetara joaten da horretarako.
“Gerlari bakoitzak bere historia dauka eta ni horien bila noa beti”, dio Soresek, atzeko paretan Che Guevararen posterra duela.
“Kurduak ez ezik, beste herri askotako gerlariak daude PKKn: indonesiarrak, errusiarrak, greziarrak… Baita turkiarrak ere! Mendietako bizitza gogorra bezain interesgarria da. Gerlari bakoitzaren motibazio eta bizipenak jaso nahi izaten ditut nire erreportajeetan: zerk bultzatzen du honelako erabakia? Nolakoa da bizitza mendietan?”.
Bidaia anitzen poderioz, harreman estuak sortu dira Sores eta berak elkarrizketatutako hainbat gerlariren artean. “Menditik bueltan familiengana joaten naiz beti. Pozarren hartzen dituzte euren seme-alabek kanpamentuetan idatzitako gutunak. Tamalez, aldian behin albiste txarrak ematea ere egokitzen zait; senideren bat larriki zauritu edo zendu dela… Oso gogorra da hori”, dio, bere azken dokumentala muntatzen ari dela:
Gerlari elbarrien egunerokoa.
Bidaia horien guztien oroigarri dira Roj TVko egoitzan agerian dauden argazkiak. Makina bat irudi topa daitezke pasilloetako paretetan, bizimodu gogor horren isla: emakume gerlariak –te katilua esku batean eta fusila bestean–, negurako egurra mozten, kanpamentuetako eskoletan ikasten, Kandil mendietako gailur elurtuak igotzen… Telebista arrunt baten egunerokoarekin zerikusirik ez duten irudiak denak.
Soresek badaki berak egindako lana katea legez kanpo uzteko aitzakiatzat har litekeela. Nolanahi, ez omen da bera honelako erreportajeak egiten dituen bakarra: “
Washington Post, Le Monde, El País edo
Der Spiegel-eko kazetari ugari ezagutu ditut nire txangoetan. Askotan batera joan gara denok, PKK-k gonbidatuta. Legez kanpo utziko dituzte horiek denak ere?”, galdetu dio Soresek bere buruari, irribarrea galdu gabe.
Informazio gehiago Kurdistan kanalean