argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
Batzuk alde, asko aurka, gehienak hotz
Xabier Letona Biteri @xletona 2008ko uztailaren 30
Kontsulta legea dagoeneko Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erraietan dago eta denak jarraitzen du iragarri bezala, ez dago besterik ohiko dialektika politikotik harago. Jaurlaritza osoa prentsaurrekoan agertzeak ez du ohikotasun hori apurtzea lortzen. Eta ez du lortzen, hirukoaren orain arteko erantzuna beti bertsua izan delako eta ez duelako asmatu herritarren artean ilusio berezirik sortzen. Akaso gidoiaren kontuak dira, hau da, Auzitegi Konstituzionalak ezezko borobila eman arte ez dela erantzun indartsua agertzeko unea.
 
Baina hori baino arazo sakonagoak ere antzematen zaizkio kontsultaren inguruko ekimen politikoari. Hiru behintzat oso esanguratsuak dira. Bat, EAJren zuzendaritzaren bultzada esku txikiarekin egindakoa da, gurdia oso urruti ez joateko modukoa; eta sarritan, jelkide esanguratsuen adierazpenek, galga nabarmena erakusten dute. Horien aurrean EAJren zuzendaritzan dagoen jarrerak nekez pentsarazi dezake Ibarretxeren defentsa sutsurik dagoenik. Gizarteratzen den irudia bederen hori da.
 
Bi, EA eta Ezker Batuaren indarra txikia da Jaurlaritzan, eta gizarte mailan duten ordezkaritza eta eragina ere ez da gizarte sektore zabalak mobilizatzeko modukoa. Hiru, abertzaletasunaren baitako arrakala sakonak ez du ahalbideratzen gizarte sektore zabal eta eraginkorren bultzada sendorik. Panorama horrekin doa Ibarretxe urriaren 15era, garaipenera doan liderraren irudia baino plazan inguratua eta atzera-aurrera dabilen zezenarena eskainiz. Konstituzionalistak oso nagusi diren ispilu mediatikoan irudi hori areagotu besterik ez da egiten.

 
Konstituzionalaren erantzuna aldez aurretik ezaguna da, gaur gaurkoz Madrilen ez dago bestelakorik onartzeko moduko kultura politikorik, eta Auzitegi hau kultura horren isla garbia da. Espainiako klase politiko nagusiak argi du nor den Espainiaren burujabetza bakarraren subjektu eta argudio horri eman dio indar berezia helegitean. Jaurlaritzak ere badaki legeak zer dioen, baina kontsulta ez-loteslearen irudiarekin egin nahi izan du politika. Gehienon begietan hori ikusten baita, politika egiteko modu bat –zilegia eta txalotua batzuentzat eta erratua beste askorentzat– ez urriaren 15ean egin egingo den kontsulta bat.
Kontsulta ez loteslea debekatzearen lehen erantzukizuna Espainiako Gobernuaren eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gain utzi nahi ditu Jaurlaritzak, eta taktika ez litzateke txarra, ondorengo estrategia ondo finkatua balego. Hori da hain zuzen ahul antzematen dena. Gaur egun kontsultarena hoztasunez bizi da gizartean eta halako ezpalekin nekez aterako da txinparta handirik erantzunaren unean.