Euskal mitologiaren eta kristau dogmen arteko sinkretismoa aztertu du Anuntxi Aranak Euskal mitologiaz. Jentilak eta kristauak izeneko saioan. Paganismo irekiak eta kristautasun herrikoiak ahalbidetu dituzten gurutzatze anitzak ekarri ditu liburuko orrietara. Esate baterako, Anbotoko Anderea ordezkatu zuen Arantzazuko Ama Birjina; edota sekula bizi izan ez zen San Fermin, deabrutzerik izan ez zuten sineste zahar baten ondorengo. Anuntxi Aranak dioenez, “saindu” hitzak, “anderea” edo “jauna”-k bezala, dibinitate izaera adierazten du, testuinguru kristauan zein paganoan, eta hala ditugu Andere Dona Maria eta Anbotoko Anderea, Jaun Done Joane eta Basajauna, Eguzki Saindua eta Bidarraiko Harpeko Saindua.