argia.eus
INPRIMATU
Perkusio eta didgeridooaren ahots dirdiragarria
  • Samar ::Ramas

    Autoekoizpena

    iraupena ::49´09´´

    prezioa ::14,95€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Ramas CDaren azala
Iban Nikolai ezaguna egin zen Australiako aborigenen didgeridoo instrumentua Euskal Herrira ekartzeagatik. Ez nekiena zen Samar taldean didgeridooa erabiltzeaz gain, soinu, giro eta sentsazioekin hala jokatuko zutenik. Punta-puntako musikariekin elkartuta, erritmoekin, pultsuekin eta dirdiratzearekin emaitza oso-oso berezia lortu dute. Hala, gai dira jazz piezetatik doinu arabiarretara, flamenkoetara, 1960ko hamarkadako psikodeliara, funkyra edota bossa eta jazz latindarrera hurbiltzeko. Ez hori bakarrik, esperimentatzeko gaitasun handia daukate eta perkusioari izugarrizko garrantzia ematen diote. Bestalde, mugak apurtzea erraza bailitzan, Lazkao Txiki omendu dute, baita techno-arekin eta Asiako doinuekin ausartu ere. Hori guztia kanta instrumentalekin; izan ere, didgeridooak ahots propioa du.
Lazkao Txikiri gustatuko litzaioke Australia eta Euskal Herriaren arteko sustraien elkartasuna

Soberan daude hitzak didgeridooak hitz egiten duenean?


Bai, didgeridooak ahots propioa du eta berak bakarrik hitz egiten du. Gainera, ahotsaren erabilera didgea jotzerakoan ezinbestekoa da. Ez dugu abeslaririk sartu behar izan, baina proiektu irekia denez agian etorkizunean gehitu diezaiokegu.

Perkusioek pisu nabarmena daukate Samarren, ezta?


Bai, bi bateria eta perkusio kit bat sartzen dugu agertokian. Samar, dudarik gabe, zuzenean ikusteko taldea da.

Dirdiratzea ezinbestekoa da zuentzat?


Bai, instrumentuek bibrazio handia sortzen dute: didgeridooa, gonga, perkusioa…

Nola jaio zen Samar? Zer helbururekin?


Javier Area bateria jolea ezagutu ahala zerbait erritmikoa eta berezia egitea erabaki genuen, eta ezohiko musikari handiak batu zitzaizkigun. Ondo pasatu eta zerbait desberdina eskaini gura dugu.

Zer irudikatzen du askotan aipatzen duzuen kartulina beltzak?


Ez du esanahi berezirik, hori bakoitzak irudikatu beharreko gauza da.

Ondo moldatu zarete zuen sentsazio, giro eta sonoritateak estudioan jasotzeko?


Lehenengo diskoa da, baina MIK-eko Maikel ohituta dago halako proiektu bereziak grabatzen eta segituan moldatu da gure ideietara eta instrumentu berezien soinuetara. Emaitzarekin oso gustura geratu gara.

Zer esango luke Lazkao Txikik burua altxatuko balu?


Gipuzkoako Bertso Txapelketaren sintonia egitea ohorea izan da, eta nik uste Lazkao Txikiri gustatuko litzaiokeela Australia eta Euskal Herriko sustraien elkartasuna.

Zer dauka didgeridooak beste instrumentu batzuek ez dutena?


Ezohiko instrumentua dela, Europan eta ia mundu osoan ezezaguna. Naturak egiten duen instrumentua da, ez daude bi didge soinu bera dutenak. Gainera, giza ahotsari gehien hurbiltzen zaion haizezko instrumentua da. Australiar aborigenena da, eta termitek hustutako eukalipto zuhaitzen enbor-adarrak dira.