argia.eus
INPRIMATU
Lehen famatzen
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Zuen. Ikaragarri. Manifatan aurpegia zapiz estalita baino bulegotik bulegora ibiltzen zenean, txukun janzten zen gaztediaren liderra legez hartzen zuen Jarraikoen zatarren aurkako eredu. Etorkizun oparokoa zuen, ingeniari azkarra, hizkuntzak ikasteko erraztasuna zuena, orekatua, jendetasunezkoetan berezko imanaren jabe zena. Europara igorri zuen, euren ordezkari. Handik itzuli eta Eusko Jaurlaritzan eman zituen denboraldi zenbait industriagintza alorrean. Jubilatzeko garaia heldu zitzaionean, bera ordezkatzeko izendatua zuenaren aurka aurkeztu zuen bere burua. Eta irabazi egin zion partida Joseba Egibarri. Handik goiti, ez zuen gustuko eta aukera-maukera guztiak baliatu zituen Sabin Etxeko nagusi berria kritikatzeko. Ataka gaiztoan ezarri zuen alderdi barruan. Eta urrezko gazte hark, alde egin behar izan zuen nerabezarotik zuen etxetik Ipar Amerika aldera. Repsolek Petronoreko lehendakaritza eman dio berrikitan. Leku horretara iristen den gazteena izan liteke. Beraz, EGIko gazte lider hark, aurreikuspenak bete ditu. Baina jada, urrutiegi joan da baimenik eskatu gabe. Eta Xabier Arzallusek ezin izan du jan, irentsi behar izan du. Bere-berea zuenak alde egin zionetik ezin du jasan. Ados naiz egin duen diagnostikoaz. Nork egin duen dut arazo.