Zaldi Ero
Behinola, orain dela nahi baino urte gehiago, hiru idazle –galego bat, katalan bat eta euskaldun bat– Andorrara joan ziren, bertan egitekoa zen Galeusca prestatzera. Eta bilera egin zuten, bapo afaldu zuten –sukaldaria nongoa eta Oñatikoa gertatu zen–, ohi bezala huntaz eta hartaz hitz egin zuten, eta, jakina, tartean euskaldun bat izaki, hemengo auziaz ere luzatu ziren, ohi bezala...
Ororen buru, hiru idazleak bakarrean geratu ziren hutsik zegoen diskoteka bateko goiko solairuan. Idazle katalana eta galegoa poetak ziren, lagunak, eta lausengu hutsean batak besteari eskultura bat agindu zion bere herrian, eta besteak batari esan zion aurreratua zuela haren poema liburuaren itzulpena. Bien bitartean, poeta ez zen euskalduna hizkuntza bezain isolatua sentitu zen, linguistikoki zein fisikoki. Harik eta zerbitzari beltzaran xarmantari erreparatu zion arte. Handik gutxira, baina, galegoak eta katalanak ere hitz beste egin eta hari josi zioten begirakunea. Ekain erditsua izango zen eta neguko eskiatzaile odolbero andanarik gabe, hantxe egokitu ziren: zaintzaile-bizkartzaina atean, neska barran eta haren beste aldean hiru idazleak, lerde jario, sedukzio jokoari emanak. Katalanak poema nerudatsu bat dedikatu zion, loreren bat bota; euskaldunak irrintzi bat jaurti zion, eta zeharka gaineratu zuen katalana ezkondua zela, baina neskak barregarri utzi zuen “Niri bost” xalo batekin; galegoak, azkenik, eszenatokira jo eta dantza bat eskaini zion gauekoari, dantzaldi barregarri bezain benetako bat. Eta hona hemen galdera: ezetz asmatu hiruetan zeinek ligatu zuen?
Hori guztia oroitu dut egunotan irakurri dudalarik Galeusca berrindartu nahian dabiltzala. Ez, ezin dut ukatu irri firfira maltzurra agertu zaidala. Galeusca, ez dakienarentzat, gogaideen monologo ezin aspergarriagoen segida izan ohi da –ze gogoan dudan arratsaldeko saio bat, non oso ego handiko idazle oso bizizale bat, hitzaldiak logaletua, gero eta makurtzenagotzen baitzen, eta emazteak ukondokaka nola esnatzen zuen bere aldera gehiegi makurtzen zen aldiro–, agiri eta adierazpenak gorabehera, urteetan zehar ezertan mamitu ez dena; nor bere etxera “ni” harrapoztuarekin itzultzeko balio izan duena –tripa betearekin, esan gabe doa. Argi dago literatura mailan elkarrentzat ikaragarri arrotz izaten jarraitzen dugula, eta beti bilatu nahi izaten dugun etsaia ez dagoela Madrilen. Are gehiago: elkarren berri izateko ere gaztelania dugu makulu bakar, Madril itzulbidearen bihurgune erreferentziazko. Argi dago: ez dugu elkar seduzitzen. Elkarrentzat erakargarri izateko, urtean gutxienez elkarren liburu bana itzuli beharko genukeela iruditzen zait, eta zerbitzariak zioen bezala, niri bost Euskadi Saria jaso duen liburua itzultzen den edo ez, baina elkarren berri izan nahi horretan ez gara batere pragmatikoak izan: asko kostatuko al litzateke urtean idazle bat gonbidatzea, urtea hemen igarotzea, elkarren hizkuntzetan trebatzeko ikastaroak prestatzea?
Galeuscako aurreprestaketa hartan poeta galegoa izan zen aurrena hitzik gabe eta hurrena bere hitzen xuxurla tximatsuarekin zerbitzaria xarmatu zuena, eta neskaren ohean amaitu zuena. Baina biharamunean, atzera elkartu zirelarik, dena ahantzia zuen, eta bere burua madarikatzen hasi zen, halako neska katxarroarekin oheratu eta gero... Ezin ahantzi, bestalde, egun ez dagoela poeta galegoaren eskulturarik herri katalan hartan, eta poeta katalanaren liburua ez dela argitaratu galegoz. Eta ezin ahantzi, azkenik, idazle euskaldun irrintzilariak, gerora, ustekabean harreman epistolar bati ekin ziola; baina hori, hori beste upel bateko garagardoa da...