Mexiko 68 Joko Olinpikoetako podiumean Tommie Smith eta John Carlos atleta estatubatuar beltzek Black Power agurra egin zuten, ukabila gora eta eskularru beltzak jantzita, hurrenez hurren 200 metroko lasterketako urrezko eta brontzezko dominak jaso ondoren. AEBetako beltzen eskubideen aldeko borroka mundu guztira zabaldu zuen keinu honek, hain zuzen, Martin Luther King hil zuten urte berean (Malcolm X hiru urte lehenago hil zuten). Luther Kingek amets bat izan zuen, eta 40 urte geroago Barak Hussein Obama, jatorri afrikarreko estatubatuar beltza, AEBetako presidente izateko zorian dago (inkestek faboritotzat jotzen dute). Utopia betetzear da, azalaren koloreari dagokionez, behintzat. Amets hura presidente berriaren politikan gauzatuko ote den ikusteko dago.