argia.eus
INPRIMATU
Maltzagatik
564 taupada haiek ia zortziehun dira
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 02a
Joxe Mari Sagardui 'Gatza'
Joxe Mari Sagardui 'Gatza'Marisol Ramirez / A.P.
Fidel Castrok FARCeko gerrilariei beren eskuetan dituzten bahitu guztiak aska ditzatela eskatu die. Ez omen die esan armak entrega ditzaten, baina argi erakutsi du bahituak oihaneko baldintza latzetan izatearen aurkako jarrera, krudela dela eta lehenago ere hala adierazi izan duela. Ez duela hori esaten talde gerrilariak jaramon egingo diolakoan, baizik pentsatzen duena adierazteko duen betebeharra gauzatzeko.

Ez ei da ohikoa buruzagi zaharra FARCi hala zuzentzea, besteak beste harreman politikoa batez ere Kolonbiako ELNko talde gerrilari kastristarekin izan duelako.

Hugo Chavezi bezala, Kolonbiako talde gerrilari zaharrenak nekez egingo dio jaramonik Fidel Castrori, ez bide da hor berrikuntzarik izango. Castroren berbetan, eskaera zehatza bera bezain adierazgarria da adierazpenok egin beharraz buruzagi komunista zaharrak dioena.

Sei urte pasa zituen Ingrid Betancourtek gerrilarien esku eta bada berak baino denbora gehiagorik daramanik eta, seguruenik, baldintza gogorragoetan ere bai. Poztekoa da bera eta beste bahituak maite dituztenen artean libre izatea. Ez da horren poztekoa askapen operaziotik barreiatzen den ia mezu bakarria: negoziazioak ez du balioa, edo askatzen dituzte edo askatzen ditugu. Eta horrek ezin du beti balio, sarri diruan edo bestelako negoziazioetan oinarritutako akordioak, bahituen askatasuna ekarri duen operazio arrakastatsua bezain zilegi baitira.

Euskal Herrian ere indarrean oinarritutako xantaiari buruzko eztabaida berpiztu da Garzon epaileak agindutako zenbait operaziorekin. Enpresari zenbaitzuk espetxea ere jasan behar izan dute ustez ETAri zerga iraultzailea ordaindu izanagatik. Eta ordaintzen ez dutenen balentria goraipatu da, ordaindu izan duten ezagun eta ordaintzen duten anonimoen koldarkeria azpimarratuz zeharka. Alor politikoarekin baino humanoarekin du zerikusirik nork bere bizitzaren mixeriak kudeatzeako duen eskubideak, nork bere burua defendatzeko duen bete-beharrak.

Sei urte oihanean bahitua izatearen mingotsaz ez da zalantzarik. 28 urte espetxean iragatearekin ere ez luke egon behar. Joxe Mari Sagardui Gatza zornotzarrak horiexek bete berri ditu Espainiako espetxeetan. 1980an atxilotu zuten eta bi urte barru aterako da 30 urteko espetxealdia oso-osorik bete ondoren. Europa osoan espetxean denbora luzeena edo luzeenetarikoa daraman presoa da zalantzarik gabe. 564 taupada haiek ia zortziehun bihurtu dira gaur egun, eta horietako asko 20 urtetik gora preso, Parot doktrinari esker 30 urte betetze bidean. Batzuen ustez dagokien zigorra ordaintzen, maite dituztenentzat askatasun haize, baina hori nork ulertarazi etxean zain bakarrik denari? Abestia sortu zen garaian baina zentzu handiagoa du gaur egun, zoritxarrez.

Aspaldi da Espainiako agintariek euskal presoen eremuan zigorra zigorraren gainean jartzea erabaki zutela, pertsonen eskubideen urraketarekin helburu politikoak lortzeko. Arbitraritatearen mundu kalkulatua da espetxearena eta ondorioak ere gogorrak dira preso eta haien senideentzat. Aspaldidanik, sakabanaketak urte luzez sufrimendua eta gorrotoa barreiatu du senideen artean; Parot doktrinak tragedia ekarri du preso askoren baitara; eta zuzenbideko estatu normal batean kalean izango lirateke gaixotasun larriak dituzten preso ugari. Konpondu gabeko arazo politikoa eta tragedia humanoaren hiru printza larri besterik ez dira. Ez da samurra izango Espainiako agintariek kasurik egitea, baina esateko betebeharra dago.