argia.eus
INPRIMATU
Inoizko handiena
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Izan da, Cuatro espainol telebista kateak lortu duen audientzia. Ia hemezortzi milioi ikus-entzule erakarri zion Eurocopak, Espainiako futbol selekzioak irabazi berri duenak. %90 inguruko kuota, TNS Sofresen arabera. Ehundik gorako ordu emanak, hemeretzi partidutan banatuak, batez besteko audientzia sei milioi ikus-entzuleek hornitua. Ni, neroni tarteko, frantses katearekin zappingatua espainol esatariak alboratu arren. Zenithmediaren arabera, gehien nabarmendu diren iragarkiak, Hyundai, Mastercard eta McDonals izan dira. Espainiako Futbol Federazioaren publizitatearen eskubideak kudeatzen dituen Santa Mónica Sports agentziak dioenez, guzti honek bide berriak irekitzen ditu Sudafrikan 2010an jokatuko den Mundialean. Cruzcampo garagardo marka da lehen lerroan dagoena, jada sinatua baitu kontratua. Bere arerio komertzial Mahouk, Real Madrilen eskubideak ditu bertako jokalariak barne, zehazki Iker Casillasenak, eta ezingo du baliatu Espainiako elastikoz jantzitako Casillas ikonoaren irudia, kale bati bere izena jar diezaioten eskatu ondoren. Izan ere emozioa motorra da, finantza ibilgailua noranahiko zentzuan eta norabiderantz gidatu litekeena, zalea gatibu bilakatzeko gauza badena.