argia.eus
INPRIMATU
Dekretua enpresa eta saltokiek euskaraz egin dezaten
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 02a
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Sailak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak herritar kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko dekretua aurkeztu dute. Lehen aldia da horrelako neurria hartzen dela. Saltokietan eta enpresetan izango du eragina dekretuak; alabaina, ez dituzte neurriak guztiek bete beharko, hainbat ezaugarri dituztenek baizik. Esate baterako, komunikazio-sareak ustiatzen dituzten komunikazio-operadoreek, zerbitzu unibertsala ematen dutenek, eta jendearentzako telefono-zerbitzuak ematen dituztenek; bidaiarien trenbideko edo errepideko garraio publiko erregularreko zerbitzuak ematen dituzten enpresek; energia elektriko zerbitzua ematen duten banaketa-enpresek; gas naturala merkaturatzen duten enpresek. Enpresa eta saltoki txikientzako ez du balio dekretuak eta berau bete behar dutenek, urtebetetik lau urtera arteko tartea izango dute. HPSk diru-laguntzak emango dizkie saltoki eta enpresei. Dekretua betetzen dutenek Hizkuntz Konpromisoaren Zigilua jasoko dute.

Txerra Rodriguezek Garaigoikoa blogean ondoko iritzia eman du dekretuaz: “Dekretua betetzea ez da batere erraza izango. Hasteko, jartzen dituen baldintzak zailak dira betetzen, ezta milioi askotako dirulaguntzak emanda ere. Bigarrenik, nola betearaziko du dekretua Jaurlaritzak, bere menpeko organoetan honen moduko dekreturik betearazteko kapaza ez bada? Eta, hirugarrenik, dekretuak ez du zehapenik aurreikusten. Eta, sentitzen dut, baina Katalunian eurek duten egoerarekin horrelako dekretua betearazteko isunak jarri badira, Euskal Herrian milaka polizia linguistiko beharko lirateke hau guztia betetzeko.

Soziolinguistikoki aztertuta, aurrerapausoa denik ezin uka. Baina zalantza handiak ditut dekretua betetzen inoiz hasiko den ere. Beraz, ikuskizun nago, eszeptiko samarra. Hasiera batean, pausoak izango dira (baina paisaiari dagokionez) eta gero gerokoak”.