argia.eus
INPRIMATU
Astromedikuntza
Ilargiko hautsa arazo iturri
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko uztailaren 09a
Ilargian
Ilargiko hautsa garbitasun arazo hutsa baino gehiago izan daiteke astronautentzat, batez ere ilargian denbora luzean iraun behar dutenentzat. Halaxe diote NSBRI erakundeko Kim Prisk ikerlariak eta haren lankideek. Garatzen ari diren ikerketaren bidez, ondoko galdera hauei erantzun nahi diete: zenbat hauts sartzen da biriketan? Nora doa hauts hori? Zenbat denbora irauten du? Eta zein arrisku du?
 
Joan den mendean, Apolo misioetan hautsa jantzietan itsatsi eta ilargi-modulu barrura sartzen zen. Hainbat astronautek adierazi dutenez, usaindu egin zezaketen hautsa.
 
Ez dirudi inor gaixotu zenik, oso denbora gutxi eman baitzuten ilargian, baina etorkizunean misio luzeak egiteko asmoa dagoenez, kezka handia sortu du zorioneko hautsak.
 
Antza, grabitate txikiak eragiten du kezka handiena. Lurrean hautsa arnasten dugunean, grabitatearen eraginez biriketan itsasten da, baina ilargian, grabitate eza dela-eta, suspentsioan segitzen du. Horrela, hauts hori biriketako leku sakonetaraino joan daiteke, kanporatzea zailduz.
 
Medikuntzaren aldetik galdera ugari daude erantzuteko. Bateren batek esan dezake “ez utzi hautsari moduluetan eta abarretan sartzen”; egia da, baina Lurrean ere oso partikula txikiak arazo dira gaur egun, ez baitago iragazki perfekturik. Egun batzuk igaro behar dituztenei ez zaie ezer ere gertatuko, baina hilak edo urteak igaro behar dituztenei bai.