Sei urte pasa ditu Lizarraldek nobelarik argitaratu gabe. Zertan aritu den? Sendatzen. “Sendaldia” behar izaten du liburu artean. “Zorionez batere estutzen ez nauten editoreak izan ditut, oso editore diskretoak, sekula ‘zertan ari haiz?’ edo ‘zer asmo dituk?’ galdetzen ez dizutenak”.
Baina eskuak ez ditu inoiz geldi izan. Natalia Ginzburgen Arratseko ahotsak (Igela 2003) eta Giani Celatiren Denak hasperenka (Igela 2005) itzuli zituen. Eta irakurri egin du, noski. Idaztea baino askoz hobea iruditzen zaio, kargatu egiten du. Ez du tesietan oinarritutako literatura idatzi orain arte, “ezta sekula idatziko ere”, erantzunen ordez galderak etortzen baitzaizkio gogora; horietako batean murgiltzen da ondoren.
Orduan, irudia etortzen da: Larrepetit-en gizon bat zen, zubi gainean euripean, ibaira eroritako auto bati begira. Txikitatik zuen buruan. Oraingoan albiste batetik etorri zaio, berarentzat ezohikoa den bidetik: garraiolari bat hilda agertu da zerbitzugune batean. Ia bederatzi hilabeteren ondoren erabaki zuen hor liburu bat zegoela. Horixe Iragaitzaz –Ilunbistan– nobelaren istorioaurrea.