Urriko kontsulta
Urriko kontsultaren gidoia betetzen ari da eta EHAKren boto bakarra bere ahultasunaren erakusle ere bada bederen. Baina tira, Eusko Legebiltzarraren gehiengoa osatzeko balio izan zuen eta horrek baliagarri egiten du hirukoaren lehen urratsa emateko, Kontsulta Legea aurrera ateratzeko.
Orain Madrilen zain egotea dagokio hirukoari: lehenik, Espainiako Gobernuak helegitea jarriko dio eta Kontsulta Legea geldiarazi, helegiteak berak bakarrik ez bailuke berez kontsulta geldiaraziko. Lehenengo helburua, beraz, beteta izango da, Zapatero gobernuburua urriko herri kontsulta gelditzearen erantzule egitea. Hortik aurrerakoak ezezagun dira, Miren Azkarate Jaurlaritzako heledunak argi esan du: pentsatua dago zer egin, baina ez da oraindik hori aireratzeko unea.
Epe ertaineko jomugan hauteskunde autonomikoak dira erantzun eszenatoki nabarmenena, beti ere Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bere epaia eman ondoren, eta bost hilabete izango du horretarako. Hauteskundeetan Patxi Lopezek ordezkatuko ditu oraingoan alde konstituzionalistaren indarrak; Ibarretxek abertzaleena. Eta Ibarretxek ez du erronka makala, 2008ko giroa ez delako 2001ekoa: Lopez ez da Mayor Oreja, orduko PP-PSEren irudia eta egungo PSErena oso desberdinak dira, abertzaletasuna oso sakabanatua da, ezker abertzalearen aurkako errepresio giroak akaso Ibarretxeren aurka egiten du... Emaitza seguruenik estua izango da oso, eta neurri handi batean herri kontsultaren gaia epe ertainera horren menpe dago.
Hauteskunde testuingurutik kanpo ez dirudi gauza asko etorriko denik: Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legea bertan behera utzi ondoren egingo da mobilizazio handiren bat, baina egungo testuinguruan mobilizazio giroa horretan amaituko da seguruenik.
Hortik aurrera ezin da askoz gehiago ikusi, hauteskundeetako emaitzek asko baldintza dezaketelako etorkizun hurbilean aktore politikoek egin dezaketena. Lausotasuna da, beraz, herri kontsultaren ekimenak bere baitan duen ezaugarririk nagusiena. Erabaki eskubidea dago helburu estrategiko gisa, baina horretara iristeko helburu taktikoak ez dira batere garbi antzematen. Hori da bere ahuldaderik handiena, nahiz eta, horra paradoxa, akaso horrexegatik atera den Kontsultaren Legea aurrera.
PSN-ren kongresuak egoera lotua eta ondo lotua utzi du: aldaketaren aurrean, UPN eta egungo giroa hobe. Bakarrik ikusi behar da horrek zer ondorio duen alderdiaren etorkizunean; seguruenik doanekoa ez da izango. NaBai-ren esku dago UPNren oposizio sendo eta bakar gisa agertzeko aukera. Barne kohesioa handitu eta proiektu politikoa gehiago argitu beharko ditu horretarako eta, agi denez, esku bete lan du horretan.