Arginetxe Baserria Seguran
Hala datozkigu, paisaia ezezagunak. Kultura da, beti, paisaia moldatu eta taxutzen duena. Gure bizimoduaren pulamentuak planeta berotzen ari duela jakinaren gainean, izan ere guk kosta ahala kosta sekula eta beti gainean behar, datorkigunaz jabetzen ahal gara! Hobe dugu!
Landare berozaleentzako harrera aurreskua antolatzen dugun artean, hotzepelak eta beroberak adio esan behar handirik gabe xorro-xorro badoaz. Eta landare batek, gure aldamenean milaka urte eta gero nazka-nazka eginda, gu haizea hartzera bidali eta alde egiten duenean ludi osoa aldatzen da. Errepikaezina den oreka bat betirako suntsitzen da. Kate askotako begi izaki, alde egiten duen landareak beste landare, animalia, perretxiko, bakterio eta abar guztien bizimodua zalantzan jartzen du, batzuetan bateren baten zapuzteraino. Naturaren kaos zoragarrian batzuen amaiak eta besteen krisiak hurrengoaren aukerak dira. Eta aurrera egiteko gai direnek hurrengo oreka bat josten dute, bakoitzaren bizitzeko grinaren irriaz landarearteari aparteko grazia txertatuz, berebiziko dir-dir bat itsatsiz. Emaitza berria, bakarra eta parekorik gabea izango da. Beste paisaia bat. Gure espeziearen bizimoduak biztu eta neurri batean behartutakoa, kultur paisaia. Estetikatik, eta are gehiago etikatik, urrun dagoen ikuslearen ikuspegiko paisaia.
Badoazen paisaiak beharresten ditugu, gero; berandutxo. Baratz-erriberak, zumardiak, belazeak, metak, zuhaitz-motzen basoak, gaztainadiak, artadiak... Mitologia sailetik aztertzen ditugu, mozolo alaenok.
Umetan ezkontezintzat genituen negarra eta barreari ekin diet bart, dakarzkigun paisaiotaz berriketan. Negarra, gaitzak kereta estuegira daraman pinu beltzaren ordezkoaren bila, mendebaldetik dakargun eukalipto txatxu zatarraren aldeko demari arrazoia aitortzerakoan. Barrea, irribarre zuria, berriz, mendi handien hegoaldean, tartean zuhaitz eta zuhaiska bakan batzuk berde nabarmen azaltzen dituzten labore sail amaigabeak urrezko egiten direnekoa, atari aurrean, etxean genuelako. Euriaren gaineko euriak zuhaitzak sekula baino mardulago jantzi ditu eta belardiak, ur-asetuta fas-fas, ezin segatu. Belarrak, laboreen senide, garatu, loratu, fruitua ekarri eta urreztatu dira. Geure hegotik geure iparrera etorri da. Hegora hegoragotik datorkie.