Brasilgo andre laborariek ez dute eukaliptoa maite

  • Loturarik egon daiteke Brasilen lur eske borrokatzen diren nekazarien eta Finlandian paperolak itxi dizkietelako lanik gabe geratu diren obreroen artean? Globalizazioari esker, bai. Denak jabe suediar eta finlandiarrak dituen Stora Enso multinazionalaren gurpilak zanpatu dituelako.
Porto Alegreko emakumeek egindako manifestazioa
Porto Alegreko emakumeek egindako manifestazioa
Martxoaren 8a emakumeen egun berezia suertatu zen aurten Brasilgo Porto Alegren. Egun batzuk lehenago, goizaldean, 2.000 andre baserritarrek hiritik 56 kilometrotara dagoen Barra do Ribeiron Aracruz Celulosa konpainiaren eukalipto baso eta mintegiak okupatu zituzten. Emakumeen eguna iritsita, eguerdian, Porto Alegreko Ipiranga etorbidean barrena manifestazioan hurbildu ziren Unibertsitate Katolikora. Han Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAO ingelesezko sigletan) bilera garrantzizkoa zeukan antolatua: Nekazaritzaren Erreformarako eta Landa Eremuen Garapenerako Nazioarteko Biltzarra.

Emakume baserritarrei Via Campesinako gizonezko militanteak eta hiriburuan kaleko enpleguetan ari diren beste emakume asko elkartu zitzaizkien. “Guantanamera” abesti kubatar famatua kantatuz iritsi ziren ateetara. Antolatzaileekin negoziatu ondoren, 50 emakumez osatutako ordezkaritzari ametitu zitzaion biltzarrean berba egitea. Manifestua irakurri zieten han bildutakoei, bortizkeria eta zanpaketa ororen akabera exijituz, elikadura burujabetza lortzeko nekazaritzaren erreforma osatuak aldarrikatuz.

Mario Osava kazetariak kontatu zuen Brasil bertatik International Press Serviceren (IPS) buletinean, Agricultura-Brasil: Mujeres contra la celulosa artikuluan. Emakumeok Martxoaren 8ko ekitaldiak baliatu zituzten salatzeko Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren eta Merkataritzako Mundu Erakundearen bultzadaz Brasilgo milaka hektarea “basamortu berde” ari dituztela bihurtzen, eukalipto, akazia eta pinuz estalita.

Brasilgo nekazarien artean andreek badituzte eskari propioak. Emakumezkoen izenean etxaldeen %12 besterik ez dago, hasteko. Horrek eta beste emakume askok lantzen dituzten soroen jabetasun agiririk ez edukitzeak kondenatzen ditu gehienak zahartzaroan inolako pentsiorik ez jasotzera. Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimenduak (MST portugesez) bere baitan emakumeen atal berezia dauka.

Bestalde, andreok zuhaitz mintegia okupatu zioten Aracruz konpainia munduko nagusietakoa da eukaliptoz zelulosa ekoizten: Brasilgo hiru estatutan 261.000 hektarea dauzka zuhaitz horretaz landaturik eta urtean ia hiru milioi tona zelulosa merkaturatzen du. Suedia eta Finlandiako ugazabak dituen Stora Enso multinazionalak eta Aracruzek 2005ean Bahia estatuan Veracel zelulosa fabrika berria ireki zuten, urtean 900.000 tona sortzen duena.

IPS agentzia berean geroago Linus Atarah-ek informazio gehiagoz osatu du gaia El eucalipto que vino del frío kronikarekin. Horrela dakigu eukaliptoarenak berebiziko garrantzia daukala Brasilgo lurretan mundu osoko kapitalek egiten dituzten inbertsioentzako, eta ordainetan garapen eredu neoliberalaren kontra ari direnentzako ere bai. Atarahek Helsinkitik idatzi du, esplikatuz nola globalizazioa dela medio etsai beraren kontrako borrokan egin dezaketen topo Amazoniako laborari txiroek eta Finlandian multinazional berak lanik gabe utzi dituen obreroek.

Munduko enpresetan lehena

Stora Enso Oyj munduko zelulosa eta paper ekoizlerik handiena da. Izena bezala izana bi korporazio handiren elkartzetik datozkio. Stora aspalditik zen famatua erantzukizun mugatuko munduko enpresarik zaharrena izateagatik: Stora Kopparberg izenarekin 1347an fundatu zuen Suediako Magnus IV.a erregeak, basogintzan eta meatzaritzan jarduteko. Enso Gutzeit Oy XIX. mendean sortu zuten eta XX. mende bukaerarako basogintzan eta papergintzan munduko handienetakoa bihurtu zen.

Biak 2002an elkartuta, gaur Stora Ensok 45.000 inguru langile dauzka. Akziodun nagusia Finlandiako estatua du, jabegoaren %37rekin. Erraldoi honek Brasilgo kimua 1998an sortu zuen, baina abiada geldiezinean sendotu da hamarkada batean.
Linus Atarahek kontatu duenez, Stora Ensok 2.500 hektarea erosi ditu Rio Grande do Sul estatuan, bertako oihana eraitsi eta eukaliptoak landatzeko. Beste 10.000 gehiago erosi nahi dizkio Brasilgo Estatuari. Operazio honek batetik eragiten die lurrotan aurretik dauden nekazari lurrik gabeei eta bestetik munduaren beste muturrean Finlandian itxi dituzten zelulosa fabriketatik kobratzen dutenei.

Multinazionalak Anjala, Norrsundet eta Kemijärviko olak itxi ditu errentagarritasun tasari eusteko. Ekonomiazko prentsak publikatu zuen iaz Stora Ensok irabaziak %8,8 handitu zituela, baina horrekin batera 1.700 lanpostu desegitera zihoala. Zerbitzu zentraletako administrazioan deuseztatu diren 300 enpleguez gaineratikoak, aipatu hiru paperoletan. Galeren kontuak egiterakoan, ez dira ahaztu behar fabrika bakoitzaren hornitzaileak, inguruetan horietarako pinuak landatu eta zaintzen milioiak inbertitu dituzten terrenojabeak alegia. Usinak itxita, ez zerurako eta lurrerako utzi dituzte. Finlandian eztabaidarik izan da estatua jabe duen korporazio horren jokabideaz, baina Kemijärviko langileen ordezkari Juha Pikkarainen-ek IPSri deklaratu dionez “tamalez, orain zentro-eskuineko gobernua daukagu eta ez du eskurik sartu nahi bere jabegoko enpresen kudeaketan”.

Brasilen pizturiko eztabaidak aurrekoaren ifrentzua dirudi. Brasildar askok galdetzen dute ea nola ari zaizkien agintariak sekulako lur eremuak saltzen atzerriko enpresei. 1971tik bada han lege bat muga ondoko 150 kilometrotan kanpotarrei lurrak erostea debekatzen diena, baina 1995ean Kongresuak erabakitako beste arau anbiguo bati esker atzerriko kapitalak kontrolatutako enpresa brasildarrak debeku horretatik kanpo geratu dira orain arte. Eskuineko diputatuak saiatzen ari dira, gainera, legeak aipatzen dituen 150 kilometroak mugatik 50era murrizten.

Paper industriaren inbasio izugarriari ez zaio segurtasun nazionalaren ikuspegitik edo nazionalismotik bakarrik erasotzen. MSTko aktibistek salatzen dute basogintza berri horrek areagotu egiten duela lurren jabegoaren kontzentrazioa. George Soros, Bill Gates, Bill Clinton bera... luzea da Brasilera alor handiak erostera etorri diren kapitalisten zerrenda. Multinazionalek lurrak erosi ahala, bertan maizter ari ziren nekazariak langabezian geratzen dira. Erraldoiak iristearekin, gainera, lurraren prezioa igo egin da: %18 iaz.

Lurrik gabeko nekazarien liderrek salatzen dute eukaliptoa, akazia eta pinua Brasilen eragiten ari diren kalte ekologikoa. Eukaliptoa espezialista da zoruak lehortzen, ur asko zurrupatzen du-eta. Zuhaitz bakarreko “basamortu berdeok”, bestalde, gaitzetatik babesteko pozoi kimiko asko erabiltzea eskatzen dute. Eta eztabaidarik gogorrena, azkenean, nekazaritza ereduaren eta elikadura burujabetasunaren inguruan dago. Jendea elikatzeko soroak versus paper gehiago merkeago ekoizteko basamortu berdea.
Informazio gehiago

Azkenak
“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak |
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


2025-02-10 | Hala Bedi
[Hala bideo] Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihua ozen entzun zen ostiralean Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.


Save the children, saldu bonbak

Pilar Kaltzada Zedarriak taldeko kidea da. Urtarrilaren 15ean taldeak armagintza industria bultzatzeko hurrengo urteotan egongo den “aukera bikaina” aprobetxatzera deitu zuen, oihartzun handia izan zuen ekitaldi arranditsuan. Gasteizkoak talde antimilitaristaren... [+]


2025-02-10 | Amanda Verrone
Euskal Herriko lurra deskolonizatu:
Euskara agroekologikoa da

Horrela eman diogu amaiera deskolonizazioari buruzko lantaldeari, joan den azaroan Arraia-Maeztun (Araba) egin ziren “Euskal Herrian ekofeminismoak gorpuzten” topaketen baitan. Lurraldearen defentsaren hainbat espresioren babesleku izan zen, ideia emankorren hazitegi... [+]


2025-02-10 | Irati Diez Virto
Izotz arotik hona, endemismoa kolokan

Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren baldintza glaziarrekin batera. Baina dinosauroen desagerpenaren garaian ugaztun... [+]


2025-02-10 | Jakoba Errekondo
Migranondoa, beste bat etxerako

Mingrana urrutitik ekarritako fruitua da. Punisagarra da mingrana edo alesagarra edo alegorria edo milagrana edo xokorra edo granada: Punica granatum. Punica izena latinetik dator, eta “punicum malum” izenaren laburdura da, eta punicum horrek Poenus edo Phoinikes du... [+]


2025-02-10 | Garazi Zabaleta
Herrizoma
Gasteizko elikadura sarea eraldaketarako tresna

Pandemiaren ondorengo testuinguruan, elikadura –ustez oinarrizko eskubide den hori– lantzeko mugitzen hasi zen talde bat Gasteizen. “Militantzia esparruan beste gaiak jorratzen ari ziren ordurako, etxebizitzarena kasu, baina elikadura ardatz hartuta ez zegoen... [+]


ANALISIA
Aznarrek lagundu diola Aitor Estebani?

Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


“Mezu faxistak” zabaltzen dituen EHUko Arabako Campuseko irakaslea salatu du Ikamak

Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.


Raimundo el Canasterori babesa adierazi diote 230 musikarik, eta musikaren bidez boterea kritikatzea zilegi dela aldarrikatu dute

Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.


Eguneraketa berriak daude