"Ni urdina naiz"

  • Guztiak ilargiari begira jarri zirenean, ilargia seinalatzen zuen hatzari begiratu zion berak. Inozoa zela pentsatu zuten, baina ilargia argitzen zuen eguzkiaren bila ari zen.
     

    Noiztik txunditzen zaitu argiak?


    Gasteizen egiten diren ostiral antzeztuetan kokatzen dut nire lehenbiziko irudia. 14 urte izango nituen, eta eszenatokia gorriz tindatu zen. Gora begira jarri nintzen gorri hura nondik zetorren ikusteko, eta fokuak deskubritu nituen. Txundituta gelditu nintzen. Orduan hasi nintzen eszenatokia baino gehiago ikusten, gora eta behera begiratzen. Gora eta behera. Eta gora begira gelditu nintzen.


    Txikitan iluntasunaren beldur zinen?


    Agian bai, agian bai.
Javi Ulla
Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Beti fokuak pizten aritzen zara. Nola sentitzen zara fokua zuri begira jartzen denean?
The Cure
musika taldearen kontzertu batean pasa zitzaidan, eta negarrez hasi nintzen. Foku hura niri begira jarri zen, eta ezin izan nion emozioari eutsi.


Protagonismoaz ari nintzen ni. Normalean protagonistak argitzen dituzu zuk, eta zu itzaletan gelditzen zara. Nola sentitzen zara horri buelta emanda?


Ez da erraza protagonista nor den jakitea. Ikuskizuna talde artistiko baten emaitza da, eta talde artistiko horretan eszenografoak, zuzendariak, jantzi arduradunak, ile apaintzaileak, argiztatzaileak… Denetik dago. Ikuskizunaren borobiltasuna ez dago publikoak ikusten duen protagonismoaren baitan bakarrik, atzean dauden pertsona guztiek sorturiko emaitza da, eta, nik uste, publikoak badakiela hor atzean badagoela norbait. Publikoa pentsatzen duguna baino askoz ere inteligenteagoa dela uste dut. Txunditzen denean, barnean zerbait berezia sentitzen duenean, badaki sentimendu hori ez diola antzezle batek edo dantzari bakar batek eragin. Badaki hori osotasunaren mezua dela. Argiak ez su eszenatokia bakarrik argitzen, igortzen den mezua ere argitzen du.


Zergatik dira ahotsaren teknika menderatzen dutenak abeslariak, hitzaren teknika menderatzen dutenak idazleak, margoarena menderatzen dutenak margolariak… eta argiaren teknika menderatzen dutenak, besterik gabe, teknikariak?


Artista osotasuna da, ez da espezializazio konkretu bat. Nik hainbat dantzarirekin egiten dut lan eta ahots lanak egiten dituzte, aktore lanak, dantzari lanak, teknikariarenak, arlo grafikoetan adituak dira eta zuzenean marrazkiak egiten dituzte… Hainbat arlo menderatu behar ditu artistak. Agian, egungo Leonardo Da Vinciren antzekoak izan behar genuke. Denetik jakin behar genuke, eta hori taula gainean islatu.


Zure lanak zenbat dauka teknikatik eta zenbat sortzailetik?


Edo, zenbat giza izaeratik? Gizaki izatetik, dena. Barnean duzuna adierazteko erabiltzen duzun lengoaia instrumentua baino ez da. Nik fokuak eta argi estetika erabiltzen ditut, baina funtsezkoena kontatzeko zerbait izatea da. Kontatzeko ezer ez badago, zertarako piztu argia?


Argiak kontatzen laguntzen du ala badaki bere kabuz kontatzen?


Badaki bere kabuz. Mezua argiago uzten ere laguntzen du. Proposamenaren arabera, hainbat estrategia erabil daitezke, eta ikuskizunari ondoen datorkiona aukeratu behar da. Hori da sorkuntza prozesuko pausorik zailena. Estrategia pila bat daude, eta behar duzuna zein den jakin behar duzu. Gure lana estrategiak proposatzea ere bada, talde artistikoari eta, batez ere, zuzendariari. Eta zuzendariak ere gizakiak direnez, denetik dakite apur bat, eta badakite argiak zer esaten dien. Estrategia aukeratu eta gero hasten da lan sakona.


Argiak kontatu egiten duela esan duzu. Eta iluntasuna zer da, isiltasuna?


Gauza bat ez argiztatzea da eta, bestea, argia kentzea. Nire abiapuntua argia da, ez iluntasuna. Argitik abiatuta, zerbaiti argia kentzea erabaki dezaket.


Koreografia bat argiztatzeko, zeri erreparatzen diozu lehenbizi?


Gorputzei. Gorputza da instrumenturik osoena. Begiak eta begiradak norantz zuzentzen diren hartzen dut kontuan. Begiak nora, argiak hara. Marra berbera marraztuko dute fokuek eta dantzariaren begiek.


Zuk esandakoa da: “Koreografiak eskatu egiten dit, eta nik ez diot ezer ukatzen”.


Ezta batere. Koreografia gose den munstroa da, eta bi aukera dauzkat: berak eskatzen didana eman ala neu bere elikagai bihurtu. Eta ni ez nago munstroaren bazka izateko prest.


Argi artifizialak argi naturaletik ikasten omen du. Asko erreparatu al diozu eguzkiaren argiari?


Bai. Txikitan eguzkiari begira gelditzen nintzen urdin bihurtzen zen arte. Eta oftalmologoek kaltegarria dela esango dute, eta egia da, baina gustuko nuen. Eguzkiari begira gelditzen nintzen dena urdin jartzen zen arte. Gero begiak ixten nituen.


Eta zure lanerako zer erakutsi dizu?


Eguzkiaren argia eta poderioa baino handiagorik ez dago. Argi artifizialarekin beste era bateko estetikak sortzen saiatzen gara, baina eguzkiaren argia ez dugu sekula gaindituko. Nire gorputza ere eguzkiarekin piztu eta itzaltzen da. Goizaldeko 7etan altxatzen gara ni eta nire begiak. Sekula ez ditut pertsianak ixten. Hori da nire erritmo biologikoa. Baina beste erritmo artifizial bat ere sor daiteke, gaueko 22:30ean hasten den ikuskizun batean, adibidez. Orduan ere gauza bera gertatzen zait: nire bihotza, gorputza eta begiak argi artifizial horrekin esnatzen dira, fikziozko mundu horrekin; eta azkeneko argi nahasketa itzaltzen denean itzaltzen da nire organismoa ere. Bizi egiten ditut beste mundu paralelo horiek.


Gero dena jaso, eta autora.


Beste fikziozko mundu horretara. Gustuko dut gidatzea, iluntasunean, bideo jolas baten barruan banengo bezala, etxerantz.

Hainbat herrialdetan ikusi izan dituzte zure diseinuak. Argia kulturala al da?


Zalantzarik gabe. Indian, gure mezua igorri eta ez ziguten ezer ulertu. Badaude munduan zenbait herrialde, herrialde ez, planeta direnak. Planeta burujabeak, ez dute beste kulturen beharrik. Batetik, gure mezuak ez zuen garrantzirik beraientzat eta, bestetik, erabiltzen genuen formatu estetikoa beraiengandik oso urrun zegoen. Latinoamerikan, berriz, alderantziz gertatzen da. Estetika aldetik edozer jateko irrikatan daude, eta hori publikoaren ugaritasunean eta jarreran garbi islatzen da. Estetikoki agian ez, baina oso publiko bizia da sentimenduetan. Proposaturiko gauzak handitasun eta intentsitate erraldoiarekin bizi dituzte. Halakoetan zure proposamenaren mezuaz eta intentsitateaz ohartzen zara. Batere ez transmititzetik anplifikazio hori sentitzera pasa zaitezke munduaren punta batean ala bestean. Mezuarena oso bitxia da, kontatutako gauzek eskuetatik alde egiten dizute, eta bizi propioa hartzen dute.


Kontatzeko modu berriak ikasi al dituzu atzerrian?


Bai, Korean, esaterako, hitz egitean luzatu egiten dituzte esaldietako azkeneko hitzak. Banuen horren erreferentzia filmetatik-eta, oso doinu bitxia dute. Halako luzapen batzuk egiten dituzte, eta ez dakizu oso ondo zergatik. Baina luzapen horiek gorputz mugimenduetan ere egiten dituzte: oso lasaiak dira normalean, baina zerbaitengatik asaldatzen badira, zeharo bortitz bihurtzen dira. Batetik bestera pasatzen dira batere trantsiziorik gabe. Hori guztia nire lanerako materiala da.


Beraz, ez diezu atzerriko teknikei bakarrik erreparatzen. Jendeak inspiratzen zaitu?


Nazioarteko funtziotan gabiltzanean, hotelera iritsi, maletak utzi eta berehala alde egiten dugu kalera, kaleetan baitago bizimodurik estandarrena. Badaukagu aukera kultur mugimenduetako jendearekin harremanetan jartzeko, baina gure tendentzia harremanak kaleko jendearekin egitea da. Begietan sortzen diren istorioak interesatzen zaizkigu. Normalean, ez ditut kultur arloko jendearekin ditudan harremanak sakontzen, ez hemen ez atzerrian, beste harreman batzuk gustukoago ditut. Erosoago, lasaiago sentitzen naiz kaleko jende arruntarekin.


Gidoiari estu jarraitzen diozu ala inprobisatu ere egiten duzu?


Beti ezin da, baina musika ikuskizunetan oso gustuko dut inprobisatzea. Aktore lanean ikasi nuen, eta oso gogoko dut. Inprobisazioetan beti ari zara istripu baten bila, kamikaze baten moduan, ea istripu horrek zer nolako parametro estetikoak ematen dizkizun, horiei entzun eta jarraitzeko. Arriskurik eta plazerik handiena da hori. Beste formatuetan argi plantillek finkoagoak izan behar dute, ikuskizun osoak dira eta osotasun horrek bere estetika geldia behar du.

Zuzenekoaren maitalea omen zara.


Bai, zuzenekoaren defendatzaile amorratua naiz. Zinean harraldi onenak hautatu eta editatu ditzakezu, eta horiekin dramaturgia jakin bat asmatu, denborarekin eta lasaitasunez, dena menderatuz. Zuzeneko emanaldietan ez dago aukeratzerik: sentitzen duzuna berehala islatzen da eta publikoak une horretan bertan jaten du. Momentu zintzoa da. Hemen eta orain. Espazioaren eta denboraren arteko zuzeneko harremana. Bat-batekoa, errepika ezina. Bizitzaren eta heriotzaren papera aldi berean jokatzea.


Dantzariekin, aktoreekin, musikariekin… egiten duzu lan. Zer berezitasun eskatzen dizu bakoitzak?


Proposamen bakoitza bakarra da. Bi pertsonen arteko elkarrizketa beti da desberdina, bi buru eta bi bihotz ezberdinak direlako. Ikuskizunak, berdin. Jakina, zure patrikan dauzkazun errekurtsoak behin eta berriro erabiltzen badituzu, produktu berdintsuak aterako zaizkizu. Baina errekurtso berrien bila bazabiltza, entzuten baldin badakizu, poltsikoa ez da sekula beteko eta, behin eta berriro, arriskuekin jolastuz, proposamen ezberdinak irtengo zaizkizu. Pertsona bakoitzak hainbat errekurtso jartzen dizkizu begien aurrean. Entzuten jakin behar da.


Imajinatu Euskal Herria daukazula eszenatokian. Nola argiztatuko zenuke, eta zergatik?


Berdez, zuriz eta urdinez. Kolore askotakoa da. Nik, hainbeste lekutan egon eta gero, alde batetik, badakit, Aristides Vargas antzerkigileak esaten zuen bezala, nire patriketan daramadan lurrekoa naizela. Baina, bestetik, oso presente dut nongoa naizen: Euskal Herrikoa.


Irakaslea zara, zein da ikasleei erakusten diezun aurreneko gauza?


Lehenbiziko egunean galdera egiten diet: zer da diseinatzea? Hasieran esaten da, ikuskizunaren informazioa biltzen eta sinpletasunez murrizten jakitea dela, mezu bakarra lortzeko. Baina ikasturte amaieran definizioa egiten saiatzen gara eta esaten dugu: Diseinatzea da planoan fokua jartzea, aurrekontua nola banatu jakitea; furgoneta gidatzea; estetika aldetik gustatzen ez zaizuna baztertzea; zuzendari batekiko harremana zer den jakitea… Diseinatzea eta estetika jakin bat lortzea estetikarekin zerikusirik ez duten gauza horiez guztiez arduratzea ere bada.


Argiak badu bere-berea den ezaugarri bat: itzala.


Bai, ezinbestekoa da. Ezin da kendu. Badaude zenbait argiztatzaile argiaren kontrolaz baino, itzalen kudeaketaz arduratzen direnak. Nik ere argia beste erabiltzen dut itzala. Hor dago, eta informazio erabilgarria da. Beste edozein informazio erabiltzen dudan moduan erabiltzen dut: izerdia, koloreak, argien norabidea, difuminazioa... Eszenatoki batean argi bat pizten duzun momentuan, zuk nahi ala ez, argi hori oihuka hasiko da, eta mezuak igorriko ditu. Gure lana ihesi doan informazio hori kontrolatzea da, kudeatzea. Argi horrek nahi duena esango du, baina nik neureganatu egin behar dut piztuera horrekin esan daitekeena. Zure mesedetan erabili behar duzu, hori da abilezia. Argiak esaten duen horretatik, lantzen ari zaren ikuskizunerako baliagarria zer den jakin behar duzu. Informazio hautaketa da, baina baita asmatzea ere, informazioak entzuten jakin behar da. Ez baduzu ezer entzuten ez dago informaziorik, baina argia piztuko da eta oihuka hasiko da, eta, agian, ez du zuk nahi duzuna esango.



Hedabideek ere informazio batzuen gainean soilik jartzen dute fokua…


Antzerkiaren mundua gezurrezkoa da, eszenatokian gertatzen dena benetakoa da, baina gezurra da. Hilketa bat suertatzen denean gezurrezkoa da. Hildako aktorea bizirik egongo da hurrengo emanaldian. Gezurraren erregeak gara. Baina gezurrezko planteamenduak bizi arruntera eramatea xantaia hutsa da. Edozein albistegitako argiari erreparatzen badiozu, daukan goxotasunak egia itxura, benetakotasuna ematen dio informazioari eta, normalean, gezurrezkoa da beti. Alegia, argiztatzaileak beti ari garela gezurretan, fikzioan nahiz errealitatean. Argiak gezurra esaten du. Benetakoa gezur bihurtzen du eta gezurrezkoa, benetako. Arriskutsua da gizakiari gezurrekin eta beldurra eraginez zuzentzea. Gizakiak ez du halakorik merezi.


Argazkilaritza ere gustuko duzu. Argia proiektatzeaz gain harrapatzea ere gustuko duzu, beraz.


Bai, gustatzen zait errealitate arrunteko fikziozko ikuspuntu bat, gustuko dudan fikziozko ikuspuntu bat enkoadre batean edukitzea. Polita da, ikusteko poesia bihurtzen baita, eta poesia da nire helburu handienetarikoa.


Koloreak. Zeren arabera hautatzen dituzu?


Nire azken gaua gorria izan zen.

Zergatik?


Aurrekoa urdina izan zelako. Kontrasteagatik. Baina edozein koloreri eman diezaiokezu tenperatura psikologiko baten informazioa, dena da kolore anitza, sentimendu guztiek dute kolore aniztasun hori. Hilketa baten kolorea izan daiteke urdina, zuria, berdea, morea, beltza, gorria… Kolore bakoitza abaniko zabala da. Baina, esaterako, ni urdina naiz. Hala sentitzen dut. Eta ez dakit azaltzen, baina urdinez jantziko nintzateke, anilez. Euskal Herriko kulturan, argindarrik ez zegoenean, baserrietako leihoak anilez tindatzen ziren. Ilargi betearen argiarekin fluoreszente bilakatzen ziren. Espazio kokapen bat zen, bailara bateko mapa puntu anilez egina zegoen: fosforeszentziak ikusten ziren, hari esker bazekiten baserri bakoitza non zegoen.


Beste pertsonen kolorea antzemateko gai zara?


Pertsona bakoitzak tenperatura ezberdina hartzen du eguneko momentuaren arabera, asteko egunaren arabera… Kolore askotakoak gara, baina bakoitzak badu nagusitzen zaion kolore bat.
Gidabaimena
“Euskal Herrian autoz mugitzen gara, kilometro pila bat egiten ditugu, pentsa ezazu bailaraz bailara zenbat kilometro diren. Eta txantxa ematen du baina, agian, argiztatzaile izateko lehenengo lezioa gidatzen ikastea da!”.
Nortasun agiria
Javi Ulla 1965ean jaio zen Iruña Okan, Araban. Euskal filologia ikasi zuen, baina segituan egin zuen jauzi ikuskizunaren mundura. Aktore, aurrena. Argiztatzaile, gero. Hainbat zuzendari, koreografo, musikari, konposatzaile, aktore, idazle, eszenografo eta konpainiarekin egin du lan, eta bere diseinuek itsasoak zeharkatu dituzte. Irakurle eta zinemazale amorratua, autore asiarrek txundituta daukate.
Besteren ahotan
RUPER ORDORIKA: “Zein? Javi Ulla zein den? Ba, gutxienez 20 urtetan ibiliak gara elkarrekin lanean eta orain, pentsatzen jarrita, ez dakit zehatz esaten zelakoa den: argi freak bat, edo bere lana izugarri maite duen aliena, edo erresuma gabeko mago arrunt bat agian –pentsa, batzuetan Mugalariok taula gainean interesgarri eta guzti gareneko ilusioa luzatzen du!–.
Javier Ulla Egiluz, alias JaviU, da Mugalariok benetan maite dugun argiztatzaile hautatua. Abila, isila, lanera emana eta fana, gainera! Letrak bihotzez ikasten ditu! Argiekin bidea topatzen laguntzen digu! Saluz, Javi!”
Argiaren arkitektura
“Arkitektura sortzen dugu argiarekin. Ez da gauza bera eszenatoki batean dantza egitea edo eskultura baten barruan dantza egitea. Nire kasuan, eszenatokia mugatzen dutenak ez dira hormak, espazioa apurtu egin behar da: argiarekin sortzen ditut mugak”.
Bonbak
“Ikuskizunaren eraginak ikuskizunak berak baino gehiago irauten du. Guk erloju-bonba txikiak prestatzen ditugu, eta ikuskizunean han-hemenka kokatzen, handik ordu batzuetara, egun batzuetara, ikusleen barruan eztanda egin dezaten”.

Azkenak
Funtsezkoa jendea da

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]


Lanbroa

Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]


Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika

Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Amillubi proiektuak lehen urtea ospatuko du abenduaren 1ean

Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Andoni Burguete
Etekin egarriak itotzen duenean

Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]


Planifikatzen ez duen Nafarroako Energia Planaren kontra alegatu dugu

Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.

Gobernuak aurkeztu... [+]


2024-11-22 | ARGIA
Languneko zuzendari Lohitzune Txarola
“Hizkuntza gutxituen pisu ekonomiko eta estrategikoa aldarrikatu nahi du Langunek”

Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]


2024-11-22 | Estitxu Eizagirre
Biriatuko Arbolaren Besta hemen da

Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]


Euskarazko testuak ahots bihurtzen dituen patrikako gailu inteligentea merkaturatu dute

Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]


2024-11-22 | Antxeta Irratia
“Feministon aurkako oldarraldia” gelditzeko indarrak batu dituzte Lizuniagan

Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


2024-11-22 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (II)

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]


Eguneraketa berriak daude