Debako arte eskolak 25 urte
1970ean jarri zen abian Jorge Oteizak hainbeste aldarrikatutako Debako Arte Eskola. Han, espiritu berritzailez, euskal kultura berreskuratzeari ekin zioten. Jorge Oteizaz gainera, Koldo Azpiazu, Agustin Ibarrola, Remigio Mendiburu, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta aritu ziren lan horretan, besteak beste. Lorpenak handi samarrak izan baziren ere, iraupen laburra izan zuen, Carmelo Urdangarinek Debako Arte Eskolak 25 urte liburuan azaltzen dituen arrazoiengatik. Dena dela, eskola ez zen desagertu. 1981. urtean eskulangintzarako zentro bihurtu zen, eta arte eskolako irakaspenak eskaintzen jarraitu zuen mende laurdenez, gaur arte. Handik sortutako emaitzak jaso ditu Kutxak argitaratutako liburuak.