Ume txikiak
1890. urtean William James psikologoak “burrunben erabateko nahasmena” bezala definitu zuen haurtxoen mundua, beraien adimenak inguruan gertatzen zena apenas mimetizatzen zuela esanez. XX. mendearen azken erdian, ordea, haurtxoen gogamena uste baino askoz ere konplexuagoa eta aberatsagoa dela ikusten hasi ziren. Elektroentzefalografiako eta irudi bidezko diagnostiko-teknikak erabiliz, ikusi ahal izan zen ibiltzeko eta hitz egiteko gai izan baino lehen ere haurtxoen gogamena emozio konplexuak –zeloak, enpatia edo etsipena bezalakoak– sentitzeko gai zela.
Bide horretan, denbora luzea darama Londresko Unibertsitatean Psikologia Kognitiboko katedraduna den Gergely Csibrak haurtxoen aurreneko bi urteak ikertzen. Eta umeen ikusmen-prozesuak aztertzen ditu batik bat, aditasun edo arreta-mailarik baxuenetatik hasita, baita begien mugimenduak ere, umetxoek objektuenganako eta pertsonenganako zer-nolako interesa duten jakiteko.
Ikerketa horietan Csibrak alde nabarmenak aurkitu omen ditu sexu batetik bestera. Dioenez, “mutikoek objektuei arreta gehiago jartzen diete, eta neskek pertsonenganako dute interes handiagoa”. Zer esan nahi du horrek? Ikertzaileak dioenez, zaila da oraingoz horri erantzutea, baina litekeena da diferentzia ez izatea kasualitatearen ondorio. Bizitzako lehen sei hilabeteetan, haurtxoak gai dira beren inguruko emozioak nolabait bereizteko, aurpegiko arrastoei begira, batez ere beren amaren aurpegiko adierazpenei begira. Aro horretan, aurpegiko keinuak erabakigarriak dira haurtxoentzat.
Csibrak beste ikerketa bat egin du tximinoekin, jolasek eta ikus-interakzioek haurtxoen garapenean –garapen kognitibo-emozionalean batez ere– duten garrantzia jakiteko. Ikerketa horretan sei hilabetez azpiko haurtxoei itxuraz berdinak ziren tximinoen argazki saila erakutsi zieten. Eta helduentzat ulertezina badirudi ere, haurtxoek ongi bereizten zuten tximino bakoitza, argazkiei jartzen zieten arretak ezin hobeto frogatu zuen bezala.