Imanol AlvarezIñigo Azkona
Pribatuan eta publikoan kritikatu izan dut Ibarretxe Lehendakaria; orrialde hauetan beraietan ere bai: estatu ustez akonfesional batean kargua gurutzearen aurrean zin egiteagatik, esaterako. Estimu onean dut halere, iruditzen baitzait saiatzen dela kontsekuente izaten eta agintzen duena betetzen –askotxotan beraren alderdikoek beraiek uzten ez badiote ere– eta hori arraro samarra da, zoritxarrez, gaurko politikaren munduan.
Lehengo astean, adibidez, Lehendakaritzan egon nintzen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 60. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Lehendakariak, besteak beste, oso gauza interesgarri bat esan zuen: giza eskubideak ezin direla banatu. Hau da, ezin dugula tortura salatu, ETA erakundearen ekintzen aurrean mutu geratzen garen bitartean; edota ezin dela, ezta ere, terrorismoaren kontra oihukatu, komunikabideak itxi eta alderdiak legez kanpo uzten diren bitartean.
Behin baino gehiagotan esan ditu antzekoak Ibarretxek eta, horrexegatik, izan da maiz gatazkaren alde batekoek kritikatu eta iraindua, terroristen eta demokraten aurrean ekidistantzia ez omen delako onargarria, alegia.
Nik ere gauza bera pentsatzen dudala aitortu behar dut. Hots, ezin dela ekidistante izan; ezin dela berdin jokatu indarkeria mota guztien aurrean. Izan ere, estatu batek eragindako mota askotako biolentzia (poliziena, ejertzitoena, epaileen erabilera maltzurra…) eta herriaren sektore batek –haien ustez autodefentsan– burutzen duena ez dira maila berekoak. Estatua da eskubide guztiak, bakea bera barne, bermatu beharko lituzkeena; hortaz, askoz larriagoa da bermatzaile izan beharko lukeena urratzaile bihurtzea, edozein herri-taldek egin lezakeen edozein ekintza “biolentoa” baino, etikoki gaitzesgarria izan litekeen arren.
Edonola ere, Lehendakariak ez du inondik inora modu ekidistantean jokatzen. Oso lerrotuta dago alde batera. Bestela ezin da ulertu hainbat omenaldi antolatu izana ETAren biktimen alde (eta oso ondo deritzot egiteari) eta beste aldeko biktimen alde bakar bat ere ez (nahiz eta askoz ugariagoak diren eta ideologikoki eta sentimentalki hurbilago egon beharko lukeen beraiengandik).
Are txarrago, beraren poliziak ere errepresiorik basatiena erabili ohi du alde honetako biktimen kontra.
Lehengo egunean, adibidez, ni barruan nengoela, Etxerat-ekoei, hau da, preso dauden beren senideentzako giza eskubideak berma daitezela eskatu baino egiten ez dutenei, ez zieten sartzen utzi, gonbidatuak izan ziren arren.
Hau al da giza eskubideak ez banatzea, Lehendakari Jauna?