argia.eus
INPRIMATU
Ezkerraldeak bere buruari jarriak
Onintza Enbeita 2013ko maiatzaren 02a
Onintza Enbeita
Onintza EnbeitaXDZ
I

Ezkerraldeaz ahaztu
egin da Jainkoa
Makarraldea dut gaur
izen ohikoa.
Nerbioiaren alde
zikin, tragikoa.
Lehen bezala orain da
beti-betikoa:
Bizkaiko langileen
gune mitikoa.



II

Bilbotik ezkerrerantz
urari begira:
itzali da burdina
gorien dizdira.
Kapitala joan da
oso urrutira.
Bertan behera utzi
naute eta tira.
Lana sortu dut baina
nitaz ahaztu dira.



III

Hemen egin dituzte
hainbat disparate.
Garapenari itxi
leiho eta ate.
Zerbitzu sozial batzuk
utzita aparte
pertsianak jaitsi dira
ez dakit noiz arte.
Metroa ere azken
ipini didate.
IV

Erreka hegalean
enpresak zarratzen
doazen heinean da
hondarea galtzen.
Ezkerrak ezkerrean
ez du asko saltzen.
Nahiz ta askok ez duten
oraindik onartzen
Euskal Herri gorria
hemen gorritu zen.



V

Hiriburutik hurbil
hustu dute trena.
Hemen daukagu askok
nahi ez duten dena.
Batzutan jarri arren
Bilboren izena
BEC, Bizkaiko Zubia,
ta abar luzeena,
super-portua ere
ez da Bilborena.



VI

Ez diot leku asko
egin euskarari
ea heltzen diodan
laster erronkari!
Bitartean banoa
ari eta ari...
Ez diot askorik zor
hiriburuari,
gutxiago errekaren
beste aldeari!

Doinua: “Larraonara gatoz”.