argia.eus
INPRIMATU
Carla, Txentxo eta...
Joseba Barandiaran 2013ko maiatzaren 02a
Joseba Barandiaran
Joseba Barandiaran
Frantziarra banintz, ez nioke Sarkozyri botorik emanen. Presidente izan aurretik ere, banion begien aurrean ikusi nahi ez hori. Besterik da, nire begitara, orain emazte duen Carla. Gogoan dut, Aznarato garaian, aipatu niola iloba zaharrenari Quelqu´un m´a dit abesten zuen haren izena eta hark lortu zidala amaraunean sorgindua ninduen ahots hark abestutako kanta bat. Orain, Bruni Sarkozy bihurtu den honetan, disko berriak itzelezko salmentak izango dituela suposatzen dut baina, Nicho president den artean behintzat, ez ei du beste diskorik aterako. Puxtarriak, Carla.

Foruerkidegotarra banintz nire botoa izanen lukeen NaBaiko Txentxo Jimenez itzuli da Himalayatik. Autonomierkidegotar honek ez du foru parlamentari hori ezagutzen eta inongo kanpainaren barne egon gabe aitortzen dut: nafarra banintz, Txentxoren dimisioa eskatuko nuke, Vascuencearen Legea aldatzea baino, bere oporrak hobesteagatik. Eskatu ez, exigitu egingo nuke; bost axola langile fina, jatorra, goapoa edota bertsozalea den; sorry, Txentxo. NaBai koalizioa izanik, ordea, Maiorga Ramirezek, publikoki bederen, barkamena eskatzea hobetsi du. Puxtarriak, Maiorga.